Técnicas Hidráulicas familia enpresa da eta 50 urte baino gehiagoko ibilbidea du. Arrantzaren, meatzaritzaren eta beste prozesu industrial batzuen sektoreetarako soluzio teknologikoen, ekipamenduen eta zerbitzu integralen diseinuan eta fabrikazioan daude espezializatuta. Bi marka lider global dituzte: Marco, ontzigaineko ekipoak eta sistema hidraulikoak hornitzen dituena arrantzako eta ontzietako industrientzako, eta TH, soluzio integralak eskaintzen dituena meatzaritzarako eta solidoen tratamenduarekin lotutako beste industria batzuetarako. TH Companyk Mungian du egoitza eta bertan zentratzen da bere ekoizpen jarduera. Mundua dute erreferentziatzat: ekoizpenaren % 70 baino gehiago esportatzen dute, 40 herrialde baino gehiagotan daude eta 12 egoitza dituzte kontinente guztietan zehar, azken proiektua izanik Taiwaneko irekiera komertziala.
