Infobeaz

Necsum bizkaitarra eta Orwell italiarra MTEk, Aldundiak eta Athletic Clubek aurkeztutako nazioarteko erronkaren garaileak

Necsum Trison eta Orwell startupek irabazi dute Munduko Turismo Erakundeak, (MTE), Athletic Clubek eta Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako Smart solutions for smart destinations (Helmuga adimendunetarako irtenbide adimendunak) nazioarteko erronka.

San Mamesen egin den ekitaldian Aitor Elizegik, Athletic Clubeko presidenteak, Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Natalia Bayonak, Turismoaren Mundu Erakundeko Berrikuntza eta Hezkuntza zuzendariak, parte hartu dute San Mamesen egin den ekitaldian.

Guztira, 37 herrialdetako 99 startupek parte hartu dute erronkan. Erronka horren bidez mundu osoko enpresa berritzaileek irtenbide adimentsuak diseinatu behar zituzten Bizkairako esperientzia turistikoak sortzeko; esperientzien eta proposamenen oinarri eta inspiratzeko gai moduan San Mames estadioa hartu behar zuten.

Finalista izan diren bost startupak  Fluxguide (Viena), Necsum Trison(Bizkaia), Orwell (Milan), Snaptivity (Londres) eta Alice Biometrics (Pontevedra) izan dira; egin dituzten proposamenei dagokienez azpimarratu behar da berrikuntza maila handiko proposamenak aurkeztu dituztela, aldi berean Nazio Batuek bultzatutako Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datozenak. Proposamen eta ideiek, besteak beste, erronka hauei heldu diete: nola optimizatu kirol-ekitaldiek helmugako turismoaren garapen jasangarrirako duten ahalmena; kudeaketa-ereduak; plataforma berriak; fluxuen banaketaren optimizazioa; nola sustatu turismo adimenduna helmugetan; irtenbide biometrikoak hobetzea; eta nola bihurtu futbol-estadioak eskualde-hazkunde jasangarriaren katalizatzaile.

MTEko idazkari nagusiak, Zurab Pololikashvilik, turismoak garapen iraunkorra bultzatzeko berrikuntzak duen garrantzia azpimarratu du: “Berrikuntza gure agintaldiaren ardatz nagusia da, etengabeko hazkundea turismo-sektore jasangarriago eta arduratsuago batekin lotzeko erronkari erantzuteko. Lehiaketa horrek sektore publikoaren eta pribatuaren arteko aliantzak bultzatzea lortu du turismoaren sektorea berrabiarazteko eta eraldatzeko, Garapen Jasangarrirako Helburuak lortze aldera eta bisitariaren esperientzia hobetzeko teknologia berrien aldeko apustua eginez. Zorionak eman nahi dizkiet startup irabazleei eta gainerako enpresei, konponbide globalak ematen laguntzeagatik eta sektorearen susperraldia bultzatzeagatik mundu osoan.”

“Oso pozik gaude ekimen honek izan duen eraginarekin eta San Mames bezalako estadio batek bere zaleei eta Bilbok aukeratzen dituen milaka turistei eskaini diezaiekeen potentzialtasuna ulertzen jakin duten ia ehun proposamen horiekin. Athletic Clubek berrikuntzaren eta teknologia berrien alde egiten duen apustua irmoa da, eta espero dugu lehiaketa honetako bi irabazleak gure kolaboratzaileen ekosistemaren parte izatea, euren ideiak eta proiektuak gure klubaren errealitatean ezarriz “, adierazi du Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak.

Bizkaiko Foru Aldundiren Ekonomia Sustatzeko diputatuak erronkan lehiatu diren proiektuen maila altua eta bizi ditugun aldaketa sakonei aurre egiteko irtenbide teknologiko berriak garatzearen garrantzia azpimarratu du. “Oraindik etorriko diren aldaketei aurrea hartu behar diegu eta, ildo horretatik, negozio turistikoen eredu berriak hartu behar ditugu. Eredu hauetan berrikuntza, teknologia eta garapen berriek aisialdiaren eta turismoaren arloetako etorkizuneko ohitura eta joeretara egokitzeko gai den balio-eskaintza dute. Horrela Bizkaia abangoardia turistikoan mantendu nahi dugu, Athletic Club bezalako enpresa, startup eta trakzio-erakundeak ere erreferente izan daitezen. Erronka hori bide bikaina da eragile horien guztien arteko lankidetza dinamizatzeko.”

Necsum Trison

Necsum Trison enpresa bizkaitarraren proposamenak teknologiaren bidez esperientziak garatzea du helburu. Necsumek turismoa suspertzen lagundu nahi du, hirietan espazio bakar eta berritzaileak sortuz. Bere proposamenaren helburua bisitari-kopurua eta egonaldiaren iraupena handitzea da, eta bisitatutako lekuetara itzultzea bermatzea, eskaintza digitalaren eta pertsona horiek aurretik izandako esperientziaren ondorioz.

Pre-seed kategoriako sariak, challenge-ari aurkeztutako ideia berritzaile eta sortzaileena aintzatesten duenak, Athletic Clubeko berrikuntza eta teknologia berrien ekosistemarekin lankidetzan aritzeko aukera emango dio irabazleari. Ildo horretan, proposamenean aurkeztutako edukiak klubeko kanal digitaletan eta komunikazio-kanaletan zabaltzen lagunduko da, eta erakundeen arteko baterako lan-saioetatik sortzen diren bestelako ekimenak baloratuko dira.

Orwell

Orwell enpresak hutsune handi bat bete nahi du merkatuan, irtenbide oso originalak garatuz: ziberkiroleko jokoak. Murgiltzeko eta lehiatzeko bideo-jokoak eskaintzen ditu, errealitate birtuala eta areagotua (EB/EA) erabiliz, jolaserako grina eta erresistentzia fisikoa uztartuz eta eSporten mundua eta kirol tradizionalak elkartzen dituen esperientzia eskainiz. Gainera, kirolaren eta jarduera fisikoaren balioak sustatzen ditu, benetako kirolaren mugimenduak eta mekanika kopiatzen dituen joko lehiakorra eskainiz.

Seed kategoriako irabazlea, bere soluzioa edo produktua ingurune erreal eta lehiakorretan azkar inplementatzekoa dela frogatuta, Athletic Clubeko berrikuntza eta teknologia berrien ekosisteman sartuko da. Klubaren ingurunean aplikatzeko bideragarritasuna egiaztatu ondoren, proiektu edo pilotu espezifiko bat ekar dezakeen berrikuntza-mailako lankidetza-hitzarmen bat garatzeko aukera baloratuko da. Era berean, proposamenean aurkeztutako edukiak klubeko kanal digitaletan eta komunikazio-kanaletan zabaltzen lagunduko da, eta erakundeen arteko baterako lan-saioetatik sortzen diren bestelako ekimenak baloratuko dira.

Beaz

DOAKOA
IKUSTEA