Infobeaz

“Ez dago etorkizuna duen sektorerik sormenik gabe, hori gabe bideojoko guztiak berdinak izango lirateke”

Shahid Kamal bideojokoen arlora industriaren hastapenetan heldu zen eta hortxe lanean ari da 1982tik. 35 urtetik gorako ibilaldia berez nahikoa izango litzateke sektorean kontuan hartu beharreko ahotsa dela onartzeko. Horrekin batera aintzat hartzen badugu hamarkada batean PlayStationen lan egin duela eta bere kontsola nagusietako baten merkaturaketan parte hartu duela, industria horretan eragin handiena duten 10 pertsonen artean eta sektorea aldatu duten 15 garatzaileen artean aukeratua izan dela, berak dioena arretaz entzun behar da. Horixe egin dugu PlayStation Games Camp Bilbao Bizkaiara egin duen bisitaldia aprobetxatuz, ekimen horren sustatzailea izan baita. 

Plataforma handi batean lanean hainbat urte eman ondoren “garatzaile independienteen komunitateko kide harro bat” izatea erabaki zenuen. Zergatik? 

Duela zenbait urte PlayStation utzi nuen berriro neure bideojokoak garatzeko. 1982. urtean hasi nintzen bideojokoak egiten, denboraldi bat eman nuen korporazio handi batean lanean eta gero jatorrira itzultzea erabaki nuen. Garatzaile asko egiten ari dira hori. Izan ere, gaur egun beren lanetik bizi diren garatzaile independienteen industria indartsua dago.

Zer garrantzi dute gaur egun ekoiztetxe txiki hauek? 

Erabatekoa. Inongo sektorek dauka etorkizunik sormenik eta ideia berririk gabe, hori barik bideojoko guztiak berdinak izango lirateke.  Pentsa ezazu musikari buruz. Ez du inork berriro Beatles-en Abbey Road edo Sgt Pepper’s Lonely Hearts Club Band bezalako albumik egingo. Gaur abesti guztiak antzekoak dira, eta ez naiz esaten dudan bakarra, hori horrela dela egiaztatzen duten azterketak daude. Arrakasten zerrendan dauden abestiek eredu bera jarraitzen dute, audioa berdina da, ez dago aldaketarik, musikatresna guztiak elektronikoak dira, letrak ere antzekoak dira. Zergatik? Industriak ez duelako arriskurik hartu nahi eta arrakasta duten formulak errepikatzea errentagarritasuna lortzeko biderik errazena da. Bideojokoekin gauza bera gertatzen da: sektoreko enpresa handiek serie handiak merkaturatzen dituzte marketin kanpaina handiekin lagunduta: Call of Duty I, Call of Duty II, III…; FIFA 18, FIFA 19… Ezin diegu errua bota, egokiro jokatzen dute, inbertsiogileek oso pozik egon behar dute, baina haientzat ona dena ez da ona sormenerako, eta hori gabe negozioa aldatu edo hil egiten da.

Beraz, PlayStation Talents programak bultzatzen dituen lankidetzak funtsezkoak dira sektorearen etorkizunerako? 

Zalantzarik gabe, estudio independienteek bide berriak zabaltzen dituzte. Horregatik estudio handiek, esate baterako Sonyk PlayStation Talents-bitartez, estudio txikiekin elkarlanean aritu nahi dute, euren ideiak bultzatzen dituzte eta berriro joko interesgarriak egiten dituzte.

Industria honetan lanean 35 urte baino gehiago egon ondoren, zure esperientzia kontuan hartuta zer aholku emango zenieke Main Loop eta Creviceri?

Ziur egon zaitezte hauxe nahi duzuela, gogor lan egin eta eutsi goiari, horiek izango lirateke nire hiru gomendioak edozein gazterentzat. Argi baduzu hemen egon nahi duzula, zoriontsua izango zara nahi duzuna egiten ari zarelako. Gogor lan egiten baduzu lortzeko aukerak handitu egiten dira. Eta funtsezkoena, aurrera jarraitzen ez baduzu, ez duzu inoiz jakingo zure jokoa arrakastatsua izango den ala ez.

, , , ,
Beaz

DOAKOA
IKUSTEA