Elixabete Etxanobe Bizkaia Enpresa 2025 inauguratu du gaur; Beazek antolatutako topaketan tokiko enpresarien sektoreko 400 pertsona bildu dira aukera berriak sortzeko, interesak batzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiarekiko lotura sendotzeko. Ekitaldian sei enpresa saritu dira euren berrikuntzagatik eta funtsezko sektoreetan duten lidergoagatik, eta “Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun-eredu berriak” txostena aurkeztu da.
Elixabete Etxanobek, Beaz foru-erakundeak antolatuta BECen gaur ospatu den Bizkaia Enpresa 2025 topaketari hasiera emateko ekitaldian, ziurgabetasun globalaren aurrean “batasunarekin” jarduteko beharra azpimarratu du. Ekitaldiaren hasieran egin duen esku-hartzean “bultzatzeko” zerga- berrikuspena iragarri du; Bizkaiko Foru Aldundiak bihar bertan onartzeko ustea du, “Bizkaiko enpresen lehiakortasuna indartzeko” xedearekin. Azaldu duenez, neurri berriek “Bizkaiko enpresa-ehunetik jaso ditugun beharrei erantzuten diete”, eta “inbertsioa, I+G, enpleguaren sorkuntza, familia eta lana bateragarri egitea, gizarte-aurreikuspena eta jasangarritasuna babesten dituzte”. “Enpresarik gabe ez dago enplegurik, ez dago aberastasunik eta ez dago ongizaterik”, aldarrikatu du.
Halaber, “adi egoteko eta aukerak aurkitzeko unea da. Topaketa honen ardatzak jasangarritasuna eta trantsizio berdea dira. Trantsizio hori enpresa guztiek egin behar dute, eta indartuago ateratzeko aukera ematen du” baieztatu du. Bizkaia Enpresa ekitaldiaren hamalaugarren edizioak, lurraldeko enpresa-topaketa garrantzitsuenak, 400 pertsona bildu ditu, hainbat industria-sektoretako enpresa txiki eta ertainen eta startupen ordezkariak. Ekitaldia Beazek, Bizkaiko jarduera ekonomikoa babesteko foru-elkarteak, antolatu du interesak partekatzeko, aukera berriak sortzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta lurraldeko ehun enpresarial-ekintzailearen arteko lotura sendotzeko. Hitzordu garrantzitsu honetan Aclima Basque Environment Clusterrak eta Beazek egin duten “Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun-eredu berriak” txostenaren ondorioak aurkeztu dira.
Jardunaldian On Bizkaia Sariak banatu dira. Sari hauek Beazek laguntzen dituen enpresak aintzatesten dituzte eta honako kategoria hauetan eman dira: Enpresa berritzaileen sorkuntza (CAF Signallyng), Berrikuntza eta hazkundea (Gepro Systems), Nazioartekotzea (TH Company), Trantsizio digitala (Industrias Garita), Trantsizio berdea (Asfaltados Olarra) eta Startup ibilbide onena (Nemergent Solutions).
2.500 proiektuk 300 milioi euro mobilizatu dituzte Bizkaian
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, 2020-2024 aldia errepasatu du hiru lehentasun estrategikotan oinarrituta: talentua, digitalizazioa eta jasangarritasuna. 2020tik 2024ra Bizkaiko Foru Aldundiak 2.500 enpresa-proiekturi lagundu zien, ia 100 milioi eurorekin; kopuru horri esker, 300 milioi euro baino gehiago mobilizatu dira. Horrez gainera; 1.800 enpresak jaso dituzte Beazek ematen dituen zerbitzuak, aurrez aurreko bisitak egin dira 700en kasuan, eta Bizkaiko ekintzailetza- eta berrikuntza-ekosistema aberastu da, 205 startupek osatua.
Merkatuen dibertsifikazioa, berrikuntzaren aldeko apustua, jasangarritasuna bereizketa-faktore gisa, inbertsioak, pertsonengan zentratutako enpresa-kulturak lehenestea eta lankidetza publiko-pribatua, horiek guztiak aipatu ditu Basurkok “gako estrategiko” gisa, zeinen bidez enpresek saihestu baitituzte aurreko krisiak eta zeinetan oinarritu baitira «azken urteetan bizi izandako ziurgabetasun-une handietatik indartuta ateratzeko».
«Gaur egun, Europan, Europako erakundeetan, premiaren sentimendu bat dago. Baina, egia esan, ezin da denbora gehiago galdu. Erantzun diplomatiko sendo eta proportzional bat behar dugu eta kalkulatutako errepresaliak aplikatu, helburu nagusia ahaztu gabe, hau da, Europako industria: ukitutako Europako enpresen proiektuak babestea, barne-merkatua eta Europako autonomia estrategikoa indartzea eta merkataritza-aliantza alternatiboak areagotzea», esan du Ainara Basurko foru diputatuak.
