Infobeaz

Smart Solutions for Smart Destinations Challengeko finalerdietako 20 startupak hautatu dira

Bizkaiko 5 startup daude Smart Solutions for Smart Destinations Challenge izeneko lehiaketaren finalera iristeko aurre-aukeratutako 20 startupen artean. Lehiaketan, Turismoaren Mundu Erakundeak, Athletic Clubek eta Bizkaiko Foru Aldundiak, mundu guztiko startupei erronka bat ezarri zieten, Bizkairako esperientzia turistikoak sortzeko baliabide adimendunak diseinatzea, hain zuzen ere.

Erronka berezia da, izan ere, San Mameseko futbol zelaia izan behar da esperientzien eta proposamenen elementu nagusia eta inspiratzailea.

Hauek dira aurretik aukeratuak izan diren tokiko bost startupak: B-LAB Gastronomic, Grabit Retail, NECSUM trison, Purple Bob y Soulbilbao CM.

Deialdian, mundu osoko 99 enpresa berritzailek aurkeztu dituzte proposamenak: 76 Europakoak, 9 Amerikakoak, 6 Ekialde Ertainekoak, 5 Asiakoak eta 3 Afrikakoak. Epaimahaiak, proposamen guztiak aztertu ditu, eta, ondoren, lehenengo 20 startupak aukeratu ditu. Azaroaren 16an bi startup irabazleak aurkeztuko dituzte San Mamesen egingo den ekitaldi batean.

Etorkizuneko esperientzia turistikoak

Erronkaren premisa da, hiriko futbol zelaiek erdiguneko nodo gisa jarduten dutela bisitari kopuru handiak erakartzeko. TMEk, Athletic Clubek eta Aldundiak antolatutako proiektuan, San Mames futbol zelaia, diseinuko abangoardiago ikur bat eta Bizkaiko azpiegitura turistiko nagusietakoa dena, lurraldeko gainerako eremuek eskaintzen dituzten aukera turistikoekin lotuko da.

Smart Solutions for Smart Destinations Challenge hiru erakunde sustatzaileek partekatzen duten filosofiarekin bat datorren erronka da, hau da, aukera berriak sortzen direla berrikuntza, teknologia, kiroleko balioak eta turismoa batzen direnean. Erronkan, etorkizuneko turistek nahiko dituzten esperientziak aurreikusi nahi dira teknologiaren eta konektibitatearen, inklusioaren, jasangarritasunaren eta eskaintza turistiko bikainaren eta ezberdinaren bidez; horiek izango dira lotura elementuak. 

Lehiaketa irabazten duten startupek proiektu pilotu bat sortuko dute Athletic Clubekin 6 hilabetean zehar. Gainera, enpresak Bizkaikoak badira edo helbide fiskala Bizkaira aldatzen badute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza osoa izango dute, eta horien artean, enpresa hazteko eta azkartzeko zerbitzuak, proiektuak finantzatzeko aholkularitza zerbitzua eta 6 hilabeterako coworking espazioak egongo dira.

Beaz

DOAKOA
IKUSTEA