Infobeaz

Enpresak bizkortzeko abian jarritako programek enpleguak eta fakturazioak gora egitea lortu dute

aceleracion-imanol

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek Bizkaiko Foru Aldundiak startupak eta ETEak bizkortzeko Beazen bitartez eskaintzen dituen programen  balantzea egin du. Imanol Pradalesen ondoan bizkortzeko zerbitzua erabili duten ETE batzuk egon dira: Mercedes de Miguel, Saionaimer eta Protec Arisawa.

Diputatuak esan duenaren arabera, 2014 eta 2016 artean enpresa bizkortzeko laguntza jaso duten 14 proiektu amaitu dira, eta gaur egun 8 enpresa bizkortzeko proiektuarekin ari dira eta beste 8 proiektua prestatzen ari dira. Amaitutako proiektuak aztertuta, 1-2 urtetan fakturazioa batez beste %40 gehitu da eta lanpostuen kopurua batez beste %25 gehitu da.

Enpresak bizkortzeko programak sei hilabete irauten dute. Inkubazio fasea gainditu ondoren hazteko potentziala duten enpresetan aplikatzen dira, beharrizan berriak sortzen zaizkienean: finantza iturriak lortu beharra, zabaltzeko edo nazioartera irteteko plana prestatu beharra, aholkularitza integrala jaso beharra, edo sektoreko agente nagusiekin harremanetan jarri beharra.

Gainera, Sailaren estrategia da enpresak nazioarteko nodo egonkorren bidez bizkortzea: “Bizkaiak hitzarmenak dauzka MassChallenge-rekin eta Cambridge Innovation Center-ekin. Lankidetzan ari garen bi bizkortze gune horiek Bostonen (Massachussets) daude. CIC-ekin sinatutako hitzarmena duela gutxi berritu dugu. Han 4 startup ari dira 6 hileko bizkortzeko programa intentsiboa egiten. Urtarrilean beste lau joango dira eta urteko bigarren seihilekoan lau gehiago”, azaldu du Imanol Pradalesek.

Diputatuak azpimarratu du zerbitzua aurrera egiten ari dela eta horri esker geroz proiektu handiagoak eta eragin handiagokoak bizkortzen ari direla. Gainera, nazioarteko eta Estatu Batuetako nodoen aldeko apustua goraipatu du: “Ez dugu hautatu Boston ausaz. Izan ere, Boston Estatu Batuetako merkaturako ekialdeko kostaldeko sarrera da. Boston berebiziko hiria da startupentzat, paregabeko ekosistema baitauka ekimenerako eta berrikuntzarako. Boston Harvard da, eta MIT, eta finantza-iturriak.”

Imanol Pradalesek esan du enpresak bizkortzeko programak tresna oso baliagarriak direla jarduera ekonomikoa suspertzeko eta lanpostuak sortzeko: “Alde batetik, ekintzailetza, enpresa berritzaileak sortzea eta talentua sustatzen ditugu. Bestetik, ekintzaileei beren ideiak eta proiektuak haziarazten laguntzen diegu. Horrela Bizkaia haiekin batera haziko da eta. Bizkortzen laguntzen diogun enpresa bakoitzean lanpostu gehiago sortzen dira, fakturazioak gora egiten du eta horri  guztiari esker aukera berriak sortzen dira Bizkaiarentzat. Beraz, enpresak bizkortzeak berekin dakartza enpresen hazkundea eta zabalkundea. Horrela enpresak nazioartera zabaltzea eta potentzial handiagoa edukitzea lortuko dugu”.

Save

Beaz

DOAKOA
IKUSTEA