Infobeaz

Euskadik elikaduraren etorkizuna sustatuko du berrikuntzarekin eta teknologiarekin Food 4 Future azokan

Maiatzaren 13tik 15era bitarte, Food 4 Future – Expo FoodTech teknologia-azokaren beste edizio bat izango da Bilbao Exhibition Centeren (BEC). 30 herrialdetako 320 aditu eta 8.000 profesional baino gehiago izango dira bertan. Bizkaiko Foru Aldundiak stand bat izango du, eta bertan egongo gara zuen zain.

Food 4 Futurekin batera Pick&Pack for Food Industry izeneko azoka antolatuko da. Bi ekimenak saiatuko dira elikagaien berrikuntzaren inguruko ikuspegia ematen, eta, bereziki, teknologiak sektorearen ekoizpeneko eta banaketako estrategietan duen eraginaren inguruan.

Foodtech Startup Forum ez da faltako, non zenbait enpresa emergentek haien soluzio disruptiboak aurkeztuko dituzten. Foodtech Innovation Awards izeneko sariak ere emango dira, aintzatespena egiteko berrikuntzagatik eta elikagaien industriaren posizionamenduari eta jasangarritasunari egiten dioten ekarpenagatik nabarmentzen diren proiektuei. Erakusketa-atal bat egongo da ere bai, enpresa liderrek haien produktuak eta zerbitzuak erakusteko. Nola edo hala, sektorearen balio-kate osoak izango du ordezkaritza.

Horrek Euskadi elikaduraren alorreko berrikuntza-hub gisa posizionatzen lagunduko du nazioartean, sektore estrategikoa baita, gure BPGdaren % 10, eta 137.000 lagun baino gehiagori ematen die enplegua. Ainara Basurko diputatuak azoken aurkezpenean esan zuenez, “Bizkaia prest dago elikaduraren arloko berrikuntzan liderra izateko. Industria indartsua eta sendoa dugu, eraldatzeko gaitasuna duena, puntako zentro teknologikoak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta beste administrazio publiko batzuen konpromisoa, garapen ekonomikoko eredu bidezkoago, jasangarriago eta lehiakorrago baten alde egin baitugu”.

 

,