Infobeaz

2020 urteko ON Bizkaia sariak

Ekonomia Sustatzeko Sailak ETEen eta pertsona ekintzaileen eskura jartzen dituen zazpi laguntza-programen kudeaketan laguntzen du BEAZek. 2018an 640 eskaera baino gehiago jaso ziren, eta 417 onartu ziren. Bi irizpideren arabera nabarmendutako proiektu eta enpresak – jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen laguntzea-  dira aurtengo ON Bizkaia sariak aitortzen dituztenak.

BERRIKUNTZA proiektuaren saria: GUIVISA

1949an sortu zen Guivisa, eta altzairu moldekatuaren galdaketan garatzen du bere jarduera nagusia.  Enpresa gisa, gaitasun eta malgutasun produktibo handiagatik nabarmentzen da.  Bere historian ohikoak dira produktu eta merkatuen aldaketak eta txandakatzea. Bere know how-ak lagunduta, enpresak egokitzen eta berrikuntza-prozesuak txertatzen jakin du.  Horixe da haren azken proiektuaren kasua.  2010eko krisien ondoren, Guivisa 4.0 industriara bideratu da.  Orduan, galdaketaren sektorean teknologia berritzailea ezartzea erabaki zuen, kostuak eta denborak nabarmen murriztea ahalbidetuz; horrek, gainera, berekin ekarri zuen enpresak hazkunde- eta espezializazio-estrategia berri bat abiaraztea.

NAZIOARTEKOTZE proiektuaren saria: ZUNIBAL

Zunibalek produktu eta zerbitzu elektronikoak garatzen ditu itsas sektorean aplikatzeko.  Arrantzari aplikatutako komunikazio satelitalak erabiltzen aitzindariak dira, eta I+G+b sail garrantzitsu bat dute, bezeroen beharretara eta merkatura egokitutako soluzio teknologikoak garatzen lan egiten duena.  Atuna arrantzatzeko lehen buia satelitaletatik olatuak neurtzeko azkenetara, Bizkaian jaiotako enpresa honen historia munduko arrantza- eta itsas sektorearekin paraleloan doa.  Planetaren mutur batetik bestera, Japoniatik Panamara, arrantzan garrantzia duten herrialde guztietan du presentzia Zunibalek, eta bere ekoizpenaren %80 esportatzen du.  Nazioartekotzea da haren hazkundearen gakoa.

SORMENEZKO BIZKAIA proiektuaren saria: TELLMEWOW

2018an, proiektu digitaletan eta bideojokoetan adituak diren ekintzaile talde batek beren ezagutzak batzea erabaki zuen, gailu mugikorretarako aplikazioak eta jokoak sortzeko.  Horrela sortu zen Telmewow, senior games-en garapenean espezializatutako estudio bilbotarra, betiere arreta, oroimena, koordinazioa, ikusmen-pertzepzioa edo arrazonamendua bezalako trebetasunak trebatu nahi dituzten pertsonei zuzendua.  Dagoeneko 5 jokok 20 milioi deskarga gainditu dituzte, eta horietatik % 95 atzerritik datoz:  AEBetatik, Brasiletik, Mexikotik, Italiatik edo Japoniatik.  2020. urtea negozioa profesionalizatzeko, zientifikoki baliozkotzeko eta merkatu-kuota handitzeko erronkarekin hasi zen.

EKINTZAILETZAKO ETA GIZARTE-BERRIKUNTZAKO proiektuaren saria: GRUPO SSI

1986an SSI Taldea sortu zen Bilbon, helburu bikoitzarekin:  autonomia gabezia duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta ahultasun soziala duten emakumeen autoenplegua antolatzea.  Gaur egun erreferentzia da, Estatuan emakumeek integratutako eta kudeatutako laguntza-kooperatiba bakarra delako, bai eta esperientziak arrakasta izan duelako ere.  SSI taldeak Bizkaiko eta Gipuzkoako 16 udalerritan du presentzia, 183 bazkide ditu, 470 langileko plantilla, eta 2.100 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua. Bere egiturak hainbat eremu barne hartzen ditu.  I+G+B eta ekintzailetza arloei esker, 31 berrikuntza-proiekturi ekin ahal izan zaie (6 europarrak izan dira), eta eragile aktibo bihurtu Silver economy sektorean.

ENPRESAK SORTZEKO proiektuaren saria: COMALAETXEA

Comalaetxea euskal software garatzaileen talentua ilustratzen duen startup bat da. Halaber, ingurune lehiakorra gara mundu mailan, Kanadako enpresa batek bere I+G unitatea Bilbon irekitzea erabaki dezan bezainbeste. Kanadako Comalatech da, Atlassian plataformaren gainean lan egiten duen erreferentziazko enpresetako bat. Bizkaikoa Comalaetxea da.  2018an sortua, gaur egun 17 profesionalek osatzen dute enpresa, Comalatech abangoardian mantentzea ahalbidetzen duten produktu teknologiko berritzaileak garatuz.  Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetako, Kanadako, Australiako eta Europako korporazio handiek eskatutako produktu eta zerbitzuetan jartzen du arreta Comaletxeak.

STARTUP IBILBIDE saria: MICOLET

2015ean, Bizkaiko hiru ekintzailek enpresa-proiektu bati forma eman zioten, sektore digitalean zuten esperientzia, modarekiko interesa eta kontsumitzaile gisa zuten ingurumen-kontzientzia uztartuz.  Horrelaxe sortu zen bigarren eskuko emakumezkoen arropa on-line saltzen zuen startup hau.  Micoletek 50 pertsona enplegatzen ditu gaur egun, eta milaka erabiltzaile ditu, dagoeneko erabiltzen ez dituzten jantziak azkar eta prezio lehiakorrean saltzen dituzten emakumeak.  Micoletek transakzio bakoitzaren % 25 lortzen du.  Alemanian, Frantzian, Italian, Portugalen eta Erresuma Batuan jarduten du enpresak, eta 2020an sendo oratu nahi dio Poloniako eta Herbehereetako merkatuetan sartzeko helburuari.

SPINOFF ibilbidearen saria: CMZ

2014an, CMZk muntaketa-planta berri bat eraikitzea erabaki zuen Mallabian, tamaina eta dimentsio handiagoko produktuak fabrikatzeko.  Enpresak CNC tornu-fabrikatzaile europarra izan nahi du, eta nitxo horretan espezializatu da.  Bi erronka horiei aurre egiteko Seuner Fabricados sortu zuen.  Spinoff-ak makina handiak muntatzeko aukera emateaz gain, makina-erreminten fabrikatzaile gisa duen dimentsioa handitzen du.  Taldeak nabarmen hobetu du bere lehiakortasuna eta, inguruan duen trakzio-efektua kontuan hartuta, Durangaldeko industria osagarriaren eta industria-horniduren lehiakortasuna ere hazi egin da.

Beaz

DOAKOA
IKUSTEA