Bilbao Bizkaia Film Commision erakunde sortu zenetik hamar urte pasa dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, filmaketei arreta, kudeaketa eta erakarpena eskaintzea helburu duen zerbitzua sustatzen duten erakundeek, balantzea egin dute eta ikus-entzunezko ekoizpenek jarduera ekonomikoan eta enpleguan izan duten eragin positiboa berretsi dute.
Hamarkada batean sektoreko enpresen kopurua %57,7 hazi da; 284 zeuden 2014an eta egun 448 daude. Enplegua % 50,5 hazi da, eta gaur egun 1941 pertsonek lan egiten dute.
2024ari dagokionez, lagundutako ekoizpenak (168) % 11 gehitu ziren, filmatze-egunak % 26 (1 294), film luzeak % 133 (28) eta serieak % 57 (11). Bizkaia eta Bilboko 74 udalerritan pelikulak, publizitate-iragarkiak, argazki-saioak, film laburrak, telebista-saioak, dokumentalak, bideoklipak eta webserieak filmatu dira.
Ekoizpenak etengabe hazi dira zinemarako eta arte eszenikoetarako pizgarri fiskalei esker. Pizgarri horiek areagotu egin ziren Bizkaian 2023an, egindako gastuen % 70erainoko kenkaria ezarrita eta atzerriko ekoizpenetara eta formatu digital berrietara hedatuta. Europako Batzordearen baimena lortu zuen zerga-araubide horrek, eta horrek erabateko berme juridikoa eskaintzea ahalbidetzen dio.
Horrek Bizkaiak ikus-entzunezkoen ekoizpenerako duen erakargarritasuna indartzen lagundu du, baina baita sektoreko eragileek lurraldean egiten duten lana babesten eta indartzen ere.
Hamargarren urteurrena dela-eta, Bilbao Bizkaia Film Commision erakundeak Filmaketetarako Jardunbide Egokien Eskuliburua argitaratu du, grabazioak ondo kudeatzeko funtsezko informazioa biltzen duena.
