Infobeaz

BFA laguntzak – Bizkaia Sortzailea

Apirilaren 15etik maiatzaren 15era bitartean egongo da zabalik Bizkaia Sortzailea 2026 programarako eskaera egiteko epea, sormen-sektoreko enpresen garapena eta hazkundea bultzatzeko.

2026an, Bizkaiko Foru Aldundiak indartu egin du kultura eta sormen arloko industriei ematen dien sostengua. Programa horren zuzkidura % 30 areagotu da, 650.000 euroraino, eta nabarmen gehiagotu dira laguntzak jaso ahal izango dituzten sektoreak eta jarduerak.

Ikus-entzunezko esparruan, zinema barne hartuta, jarduera hauek sartu dira: gidoigintza eta zinema-zuzendaritza, casting enpresak, azpidazte eta bikoizketa, eszenografia, kokaleku-bilaketa, argiztapena, soinua eta kamerak, jantzien diseinua eta makillajea, eta filmaketa-estazio mugikorren muntaketa.

Gainera, Bizkaia Sortzailea programak berariaz hartu ditu barne musikaren arloko eragileak, hala nola sorkuntza eta konposizio musikaleko enpresak, grabazio, nahasketa eta masterizazioko estudioak eta ikuskizun eta ekitaldien ekoizpen teknikoaz arduratzen diren enpresak. Era berean, toki handiagoa egin die bideojokoei, modari eta diseinuari, hainbat alderditan: produktuaren diseinu industriala, diseinu grafikoa, zerbitzuen diseinua eta diseinu estrategikoa.