Infobeaz

VIII Provider, berrikuntza eta ekintzailetza LHn

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Tknikak Provider ekimenaren edizio berri bat jarri dute abian. Ekimen hori Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzenduta dago, etorkizuneko fabrikarako soluzio-hornitzaileak diren negozioak sortzea bultzatzeko.

Programak bi fase ditu. Lehenengoak teknologia zabaltzeko eta ekintzailetzarako bost jardunaldi biltzen ditu BIC Bizkaian, betiere industria-prozesuei aplikatutako adimen artifiziala, ekonomia zirkularra, robotika, automatizazioa, fabrikazio gehigarria eta adimen zein ikusmen artifiziala ardatz hartuta. Saioei esker, teknologia horiek eta beren sektoreetan erreferenteak diren enpresen ekintzailetza-esperientzia ezagutu ahal izango dira.

Bigarrenak proiektu teknologikoen lehiaketa bat aurreikusten du. Hamar proiektu finalista aukeratuko dira, eta horiek mentorizazioa jasoko dute eta proposamenak epaimahai baten aurrean aurkeztuko dituzte. Gehien baloratutako bi proiektuek 3.000 eta 1.500 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren, eta, horrez gain, jarraipena egingo zaie sei hilabetez eta BIC Bizkaiako ekintzailetza-gelan sei hilabeteko egonaldia egiteko aukera izango dute.

Sari banaketa ekainaren 3an egingo da.