Infobeaz

Enpresa Berritzaileen Sorkuntza eta Bizkaia Sortzailea programen aurkezpena

Imanol Pradales, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak, enpresa berritzaileak sortzeko eta Bizkaia Sortzailea programak aurkeztu ditu Beazen berrehun ekintzaile ingururen aurrean.

Enpresa berritzaileak sortzeko dekretuak, aurten, 2.750.000 euroko dotazioa du, eta proiektuak aurkezteko epea ekainaren 15ean hasiko da. Programa haziz joan da, eta, foru-diputatuak esan duenez, Bizkaiko ekintzailetzaren termometro ezin hobea da. 2011tik 2015era, 183 enpresari lagundu zaie eta haien biziraupen-indizea oso altua da: % 83. Pradalesek emandako datuen arabera, startup berrien batez besteko fakturazioa milioi bat euro da, eta sortutako enpleguak 6,5.

Halaber, jardunaldian Bizkaia Sortzailea programaren dekretuaren berri eman da. Besteak beste, ikus-entzunezkoetara, modara, bideo-jokoetara eta diseinura bideratuta dago programa, eta lurraldean industria sortzaileak bultzatzea du helburu. Inguruan ditugun Europako herrialde batzuetan, sektoreak, dagoeneko, barne-produktu gordinaren % 10 sortzen du. Bizkaian, industria sortzaileek 2.000 milioi euro fakturatzen dituzte. Guztira, 5.700 enpresa-proiektu dira eta 16.000 enplegu. Programaren bidez, 2012tik 2016ra, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak 117 proiekturi lagundu die, 3 milioi eurorekin.

Ekitaldian, sortu zirenetik Aldundiaren laguntza jaso duten Satlantis, Zuma, Hobbiespot, Uniko eta Sophie et Voila enpresek beren esperientzia azaldu dute.

 

, ,