Infobeaz

DZ Diseinu Zentrutik Beazera: 30 urte diseinua sustatzen

1984an Bizkaiko Foru Aldundiak DZ Diseinu Zentrua sortu zuen enpresen artean diseinua sustatzeko eta haien lehiakortasuna bultzatzeko. Horretarako ezarri zuen estrategiak hiru helburu nagusi zituen: enpresen sustapena, prestakuntza eta diseinu-kultura hedatzea.   

Sustapen-taldeak aholkularitza-zerbitzuak eskaintzen zituen eta ikerkuntza-proiektuak bultzatzen zituen diseinu-profesionalekin batera. Lan haietako batek –funtzio askotariko erietxe-oheak– 1997an Ergonomiaren Sari Nazionala jaso zuen. Gainera, Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalak diseinuari buruz antolatutako lehen erakusketa handian ere egon zen produktu hau.

Trebakuntza-arloak kudeatzen zuen beka-programak aukera ematen zien Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza eta Arte Ederretako ikasleei diseinua ematen zuten Europako unibertsitate nagusietan prestatzeko eta Estatuan oraindik ez zegoen titulazioa lortzeko. Gainera, ikastaro eta masterrak antolatzen zituen eta irakasleen artean nazioarteko diseinu eta berrikuntzaren profesional entzutetsuak zeuden.

Aldi berean, DZk erakusketak antolatzen zituen jende orori munduko diseinu arloko protagonista historikoen eta bertoko diseinugileen lana eta diseinu-prozesua agertzeko. Hitzaldiak antolatu zituen, Diseinuz aldizkaria argitaratu zuen eta bere balio dokumentalarengatik gaur egun oraindik erreferentea den Euskal Herriko industria diseinuari buruzko azterketa historikoa bezalako argitalpenak prestatu zituen.

DZ Diseinu Zentroaren ezaugarrietako bat izan zen bere hiru jardute-arloei garrantzi berdina ematen ziela, azken helburua lortzeko bakoitza funtsezkoa zelakoan: trebakuntza eta komunikaziorik gabe ez zeukan zentzurik enpresen sustapenak. Horregatik 2000. urtean Ohorezko Aipamena jaso zuen Diseinu Sari Nazionaletan eta gaur egun errekonozimendu hori jaso duen diseinuaren sustapenerako zentro bakarra da oraindik.

DZren beste ezaugarri bat estatuko eta nazioarteko diseinu-zentroekin elkarlanean aritzeari ematen zion balioa izan zen. Diseinuaren sustapena lan kolaboratibotzat hartuz, DZk Euskadiko Diseinatzaile Industrialen Elkartea eta Diseinuaren Sustapenerako Erakundeen Espainiako Federazioaren sorkuntza bultzatu zuen eta harreman estua izan zuen mundu osoko disienu-zentroekin.

2005ean DZ berrikuntza-agentzia bihurtu zen eta, 2010. urtetik, Beaz izena hartu zuen. Egun Beazek jaso du diseinua sustatzeko lekukoa, barruan beste sormen-industria batzuk hartzen dituen esparru zabalago batean, eta bizirik eusten dio Aldundiak duela 33 urte hartu zuen konpromisoari: enpresen hazkundea bultzatzeari alegia.