Infobeaz

Elkarrizketa Ainara Basurkori

Apirilaren hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri zuen plan bat lantzen ari zela Covid-19-ak eragindako krisi ekonomikoaren irteera bizkortzeko. Aste batzuk geroago, Bizkaia Aurrera! eta Lurraldeko Premiazko Suspertze Planak barne hartzen dituen 12 neurri ekonomikoak aurkeztu zituen. Zerga eta tributu arloko xedapenak izan ziren kolpea arintzeko hartu ziren lehenak, eta pixkanaka beste ekimen batzuk abiarazi dira. Aste honetan zabalduko da mikrokredituak eta Suspertze Adimenduneko Programa eskatzeko epea. Konfinamendua altxatu bezain laster, neurri berriak aktibatuko dira. Horri buruz hitz egin digu Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak.

Nola sortu zen Bizkaia Aurrera?
Bizkaia Aurrera premiazko jarduera-plana da, maiatzean hasi gara aktibatzen eta, gutxienez, abendura arte luzatuko da. Batez ere jarduera geldiarazi behar izan duten enpresa eta pertsona autonomoentzat, fakturazioan kolpe latza jasan dutenentzat eta ERTEa egin duten enpresentzat pentsatutako plana da. Helburua beti izan da jarduera zehatzak abian jartzea, finantzaketarekin osagarriak izan zitezkeenak eta modu eraginkorrean funtzionatuko zutenak administraziook abian jartzen ari ginen tresnen esparruan. Plana egiteko, erakundeen arteko lankidetza- eta komunikazio-ahalegin handia egin behar izan da, sektoreek eta enpresek bizi zuten egoera ezagutzeko, bai eta epe laburrerako zein ertainerako aurreikuspenak eta beharrak ezagutzeko ere. Hori guztia ziurgabetasun handiko agertoki batean. Ez da erraza izan, baina uste dut prestatu ditugun 12 neurriok proiektu askori bultzada eman diezaieketela eta epe laburrean Covid-19aren ondorio latzak arintzen lagundu dezaketela, besteak beste.
Zeintzuk dira lehentasunezko kolektibo eta neurriak?
Autonomoak eta merkataritzan eta turismoan diharduten enpresa txikiak, batez ere industria-zerbitzuen hornitzaileak. Datuak hor daude, eta erakusten dute ERTEen % 86 10 langile baino gutxiagoko enpresek eskatu dituztela, eta 15.000 pertsona autonomok eta 3400 mikroenpresak itxi behar izan dutela. Sektore eta enpresa guztiek izan dute eragina, modu batera eta bestera. Neurriak osatzen joango dira, neurri horien ehuneko handi batera iristeko. Tributu eta zerga arloekin hasi ginen, gaur Suspertze Adimendunerako Programa abiatuko da, asteazkenean 5 langile arteko enpresentzako mikrokredituak, 15 milioi euroko zuzkidurarekin. Digitalizazioa, nazioartekotzea, berrikuntza, lankidetza eta abar babesten dituzten foru-programak ere hor daude, eta une honetan inoiz baino indar handiagoa dute.
Bizkaia Aurrera! plana 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da. Zer gertatuko da ordutik aurrera?
 Susperraldiak denbora beharko du. Kalkuluen arabera, 2021eko amaierara arte ez gara suspertzen hasiko, eta enpleguak oraindik denbora gehiago beharko du suspertzeko. Premiazko neurriei eutsiko diegu eta gure enpresen lehiakortasun-palankak aktibatzeko beharra azpimarratzen jarraituko dugu. Berritzen jarraitu behar da, askoz gehiago egin behar dugu aurrera digitalizazioaren bidean, eta erakundeen barruko eta erakunde desberdinen arteko lankidetza-ereduetarantz eboluzionatu behar dugu. Krisi honek pitzadura handiak erakutsi dizkigu, baina baita aukera handiak ere. Horietan ari gara lanean. Ez dugu bakarrik egiten. Hasieran esan dudan bezala, erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izan da egungo jarduerak bideratzeko. Hala izaten jarraitzen du epe ertaineko estrategia definitzerakoan. Gauza bera gertatzen da Bizkaiko enpresa-ehunarekin ere, jakitun baikara egoerari arin aurre egin behar zaiola, inplikazioarekin, eta konstantziarekin, eta proposamen berritzaileak definitzen jarraitu behar dela.
Beaz

DOAKOA
IKUSTEA