Bostehun pertsona inguru egon dira Bizkaia Enpresa 2016 bileran. Enpresa horiek guztiak biltzeaz gain, bertoko ETE eta start-upekin elkarlanean aritu diren enpresa finkatuen adibideak erakutsi dira eta sei enpresa On Bizkaia Enpresa sariarekin goraipatu dira. Horrela, agerian gelditzen da -Imanol Pradales diputatuak esan duen bezala- Bizkaiko hazkunde burutsuaren kide aktibo eta grinatsua izateko konpromisoa.
Hain zuzen ere Imanol Pradales, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak eman dio hasiera bilkurari eta ziurtatu du “ezin dela esan krisi ekonomikoaren ondorioak atzean utzi ditugunik, baina bai “duela bi urte baino egoera hobean gaudela. Hazten ari gara eta Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen hazkunde burutsua bultzatzeko aprobetxatu behar dugu”.
Pradalesek Elkarlanean programa aurkeztu du, Bizkaiko enpresa-sarearen konexioa handitzeko helburuarekin, enpresak eta enplegua haz daitezen enpresen arteko lankidetzaren aldeko apustua eginez.
Ondoren On Bizkaia Enpresa Sariak banatu dira eta aurtengo irabazleak CMI Aeronáutica, Kautenik, Kuaderno, Venturmoda, Educaedu eta ITP Externals izan dira. Azken bi urteotan Ekonomi eta Lurralde Garapeneko Sailak eman eta Beazek kudeatzen dituen diru-laguntzekin bultzatuta egindako enpresa proiekturik onenak dira, fakturazio eta lanpostu-sorkuntza datuak aintzat hartuta.
Mahai-inguran Euskaltel, Gurutzetako Ospitale, ITP, Petronor eta Velatia-ko ordezkariek parte hartu dute eta agerian gelditu da negozioak dibertsifikatzean, eraldatzera edo arriskuak gutxitzerakoan lankidetzak enpresa handien estrategian duen garrantzia. Petronor-eko Urko Urbizuk laburtu duen bezala, “berrikuntza irekia bultzatu behar da eta dagoen talentu guztia kontuan hartuz, antolakunde barruan nahi kanpoan izan”.
Bilerari amaiera emateko Ainara Basurko Beazko zuzendari nagusiak kudeatzen ditugun diru-laguntzak eta eskaintzen ditugun zerbitzuak eta inkubagailuak azaldu ditu. Halaber, Beazek Bizkaiko enpresen hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko duen konpromisoa gogoratu du.
[youtube https://www.youtube.com/watch?v=TiRF5jXs_b4&w=800]