Azaroaren 6, 7 eta 8an Seriesland – Bilbao International Digital Festival egingo da. XI. edizioak bi lehentasun ezarri ditu: publiko zabalari euskal ekoizpeneko serie berriak hurbiltzea, eta ikus-entzunezko sektoreko sormen-industrien topagune izatea, Bilborako eta Bizkairako estrategikoa.
Programazioan korearrak nabarmentzen dira, Europako, Latinoamerikako eta Kanadako ekoizpenekin batera. Zuzendaritzan eta sorkuntzan emakumeen presentzia hazi egin da berriro, eta euskal obretarako izendapen ugariek euskarazko ekoizpenaren une bikaina egiaztatzen dute: gazteen fikzioa (Go!azen, Irabazi Arte!) thrillerrak (Desagertuta, Zeru Ahoak) eta dokumental berritzaileak (Glaziarrak agurtzen).
Jaialdiaren agenda profesionala —Seriesland PRO— hilaren 7an izango da, goizean, Azkuna Zentroan: finantzaketari buruzko mahai-inguruak, EiTBren ikerketa kasua, nazioarteko saioa gonbidatutako adituekin eta networking-a.
XI. edizioari amaiera emango zaio hilaren 8an Guggenheim Museoan egingo den sari galarekin.
