Bizkaiko Foru Aldundiak eta Tknikak Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei zuzendutako programa jarri dute martxan. Provider du izena, eta etorkizuneko industriari irtenbideak emateko negozio hornitzaile berrien sorrera bultzatzea du helburu.
Bi erakundeek bat egiten dute proiektu honetan, batetik, ezagutza berrikuntza-eragile gisa sustatzeko duten interesarekin, eta, bestetik, talentu gaztearen eta enpresen arteko lankidetzaren aldeko apustuarekin. Era berean, uste osoa dute hornitzaileen sarea dela egungo fabriken arrakastaren funtsezko piezetako bat, baina baita etorkizunekoena ere.
Providerrek lau difusio jardunaldi eskainiko ditu, non hainbat enpresak benetako proposamen teknologikoak aurkeztuko dituzten, fabrika adimendunera bideratutako enpresa ideien lehiaketa bat, eta hobekien baloratutako bi ekimenei emango zaien babesa: BIC Bizkaiako ekintzailetza-gelan sei hilabeteko egonaldia, 1000 euroko saria proiektua garatzeko eta Beaz enpresako talde teknikoaren aholkularitza.
Parte hartuko duten enpresak Dronak, Gogoa, Addimen eta 3D Lan dira. Provider 2020ko urtarrilera arte luzatuko da.