Infobeaz

Gizarte Ekintza Sailak BIOK! plataformaren bidez antolatutako berrikuntza irekiko erronka NTT Data konpainiak irabazi du

NTT Data izeneko enpresa multinazionala, teknologia aholkularitzako zerbitzuetan espezializatua dena, garaile izan da Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailak BIOK! plataformaren bidez antolatutako berrikuntza irekiko erronkan. 

Foru-erakundeak erronka hori antolatu du mendekotasun-egoeran dauden pertsonak nahi gabe instituzionalizatzeko arriskua prebenitzeko eta minimizatzeko estrategiak identifikatzeko, pertsona horien zaintza etxean egiten denean, beren bizi-kalitatea eta zaintzaile ez-profesionalena hobetzeko. Finaleko proposamenak aztertu ondoren, NTT Data konpainiaren soluzioa aukeratu da, zeina, analisi aurreratuan eta eredu prediktiboetan oinarrituta, “aukera ematen baitu nahi gabeko instituzionalizazioa eragin dezaketen kausak eta arrisku-faktoreak modu eraginkorrean identifikatzeko eta horiei heltzeko. Gainera, tresnak ditu arreta-estrategia hobeak diseinatzeko”.

Gizarte Ekintzako foru-diputatu Sergio Murillok hauxe adierazi du: “gizarte-ekintza modernizatzeko ere teknologia eta datuak beharrezkoak dira. Gure konpromisoa da Bizkaian mendekotasun-egoeran dauden pertsonen eta zaintzen dituztenen laguntza eta zaintza gehiago pertsonalizatzea. Horretarako, administrazio publikook laguntzaileak bilatu behar ditugu datuen eta teknologiaren potentzial osoa pertsonen bizi-proiektuen zerbitzura jarri ahal izateko”.

Gizarte Ekintza Sailarekin batera proiektu pilotu bat garatzea da hurrengo pausoa, soluzioa baliozkotzeko eta lan-ildo horretan sakontzeko. NTT Data konpainiak honako hau adierazi du: “oso lan gogobetegarria da, BIOK! erronka bat den aldetik, guztiz bat datorrelako NTT Datak datuen analisiaren esparruan duen estrategiarekin, eta, zehazki, Health & Social Care ezagutza-ildoarekin (osasuna eta gizarte-arreta). Horrez gain, gogobetegarria da foru-taldeekin izandako lankidetzaren gertutasunagatik”.

Gizarte Ekintzako foru-diputatuak egindako prozesuaren berri emango du II. Baidata Foroan, ekainaren 14an, Euskalduna Jauregian.

, ,
Beaz

FREE
VIEW