Bizkaiko Ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek dei egin die gaur lurraldeko enpresei aurrea har dezaten eta nazioartekotzearen aldeko apustua egin dezaten, horixe baita bidea merkatu gero eta zorrotzagoetan eta testuinguru geopolitiko konplexu eta ezegonkorrean lehiatu, hazi eta posizionatzeko.
“Nazioartekotzea ez da aukera ekonomikoak izate hutsa. Beste alderdi batzuk ere sartzen dira. Estrategia. Aurrea hartzea. Mundua bere horretan irakurtzen jakitea, eta ez gure nahien arabera”, hori nabarmendu du Etxanobek Bizkaia Enpresa topaketaren 15. edizioan. Topaketa hori gaur goizean egin da Barakaldoko BECen, Beaz foru-sozietateak antolatuta.
Bizkaiko Ahaldun nagusiak adierazi du foru-aldundia konprometituta dagoela enpresei nazioartekotzeko bidean laguntzeko tresnak ematearekin, “kanpoalderako jauzia berme osoaz egin dezaten”. Esan duenez, laguntza-programa horiek nazioartekotzeari, berrikuntzari, inbertsioari, digitalizazioari edo deskarbonizazioari lotuta daude. “Gure ekosistema pentsatuta dago gero eta zorrotzagoa den mundu honetan lehiakorragoak izateko. Horixe da gure konpromisoa, eta gure erantzukizuna”, azpimarratu du.
Gauzak horrela, Bizkaia Enpresa 2026ko topaketan, zeina BECen egin baita «Bizkaitik mundura; aukera-agertoki berriak» lelopean, gai hauetan jarri da fokua: espantsio-merkatu berriak, arriskuei aurrea hartzeko beharra eta nazioarteko ingurune konplexu batean enpresei irekitzen zaizkien aukerak. Hain zuzen, jardunaldi horretan, «Bizkaitik mundura: Bizkaiko Lurralde Historikoko enpresak nazioartekotzeko agertoki berriak» izeneko txostena aurkeztu da. Lan horretan aztertu da nola ari den aldatzen nazioarteko testuingurua eta zer-nolako ondorioak dituen eraldaketa horrek nazioartekotu eta esportatu nahi duten Bizkaiko enpresentzat.
Ildo horretan, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok Bizkaiko enpresei esan die “surflari onak” izaten segitzen dutela, zailtasunez betetako testuinguru honetan ere, “erresilienteak” direlako eta beren jarrerari eusten diotelako “berrikuntzaren, bereiziak izatearen eta lehia-abantailak sendotzearen alde”. Halaber, adierazi du aldundiak ere segituko duela enpresei laguntzen “ikuspegi geoestrategikoa txertatzen beren nazioarteko plangintzan”. Hau gaineratu du: “Garai ezegonkor eta zail hauetan, Bizkaiko enpresetakook segitzen duzue etorkizunaren alde jokatzen, eta erakundekook zuen ondoan egongo gara, zuei laguntzeko eta bidea errazten duten tresnak emateko”.
Basurkok adierazi du Basurkok adierazi du Bizkaiak urrats garrantzitsuak egin dituela eta aurrerapausoak ematen jarraitzen duela, eta, aldi berean, zehaztu du zer-nolako laguntzak dituen gaur egun Ekonomia Sustatzeko Sailak. Besteak beste, ekintzaileentzako eta enpresentzako laguntzen urteko plana, 63 milioi eurokoa, iaz baino % 22,6 handiagoa, helburua izan baita digitalizazioa, jasangarritasuna, talentua, I+G+B eta ekintzailetza sustatzea. Laguntza horiek, gainera, osatu egin dira. Izan ere, “fiskalitatea lehiakortasunaren bultzadarekin konprometitu da eta, horretarako, inbertsioaren azelerazioan jarri du fokua, I+G+Bren alde eta, bereziki, deskarbonizazioan aurrera egitearekin bat». Gainera, badira Ekialde Hurbileko krisiari aurre egiteko premiazko neurrietarako eta proiektu estrategikoetarako laguntzak ere.
