Bizkaiko Foru Aldundiak Crowdlending Bizkaia jarri du abian, mundu-mailan aitzindaria den eta enpresei maileguak ematen dizkien finantzaketa kolektiboko sistema publikoa. Ekimena Elkargirekin batera garatu da, eta herritarrei nahiz enpresei aukera ematen die batera inbertitzeko lurraldeko proiektuetan, % 100 abalatutako maileguen bidez.
Ereduak aurrezki pribatua eta enpresen finantzaketa lotzen ditu: 500 eurotik aurrera inbertitu daiteke Seed Capital Bizkaiak aurretik hautatutako konpainietan, urteko % 4 inguruko errentagarritasunarekin eta kapitalaren eta interesen berme osoarekin. Enpresentzat, banku tradizionalaren ordezko bidea da hori, eta berrikuntza- zein hazkunde-proiektuetarako finantzaketa eskuratzea errazten du.
Lehenengo eragiketak martxan daude dagoeneko Ziur Water Services, RK Solutions eta beste enpresa batzuekin, 50.000 eta 200 000 euro arteko txandetan. Partaidetzazko finantzaketarako online plataforma baten medioz funtzionatzen du sistemak. Inbertitzaile askok osatzen dute mailegu bakoitza, eta, horrela, Bizkaiko enpresa-sarearen baliabideak eskuratzeko aukera eta finantza-dibertsifikazioa indartzen dira.
