Fundación Telefónicak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ofizialki inauguratu dute 42 Urduliz. Proiektu honekin –”errealitate bihurtu da denbora errekor batean, pandemia tartean–, bi erakundeek mundu digitalerako trantsizioa bultzatu nahi dute, digitala izateaz gain, hobea ere izan dadin”.2020ko abenduan 42 Urdulizen eskaera egiteko epea ireki zenetik hiru mila pertsonak eman dute izena. Lehen hautaketa prozesu baten ondoren, apirilaren 6an 110 izangaik Igerilekura “jauzi” egin zuten, campusera behin betiko sartzeko probara.
Hiru aste geroago, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Jose Mª Alvarez-Pallete Telefonicako presidentea Torre Urdulizera bertaratu ziren campusa ofizialki inauguratzeko. Haiekin bat egin zuen birtualki Sophie Viger 42ko zuzendariak.
Inaugurazio ekitaldian, Unai Rementeriak proiektu honek lurralde osoan aurrera egiteko eta aukera berriak sortzeko duen balioa azpimarratu zuen eta hitz batean laburbildu zuen: konexioa. Bizkaiko gizartearekin, pertsonen beharrekin, enpresen eskaerekin; enpresa pribatu baten eta erakunde publiko baten artean, talentuaren, prestakuntzaren eta enpleguaren artean.
Enpresei eta lan-aukerei dagokienez, José Mª Alvarez-Pallete jaunak adierazi zuen enpresen eskaera digitala esponentzialki hazten ari dela, eta hezkuntzak gizarte inklusiboagoa lortzeko baliabide gisa duen eginkizuna nabarmendu zuen, pertsona guztien enplegagarritasuna hobetuz.
Sophie Vigerrek gogorarazi zuen 42 jada 23 herrialdetan dagoela eta 36 campus dituela. Urdulizko campusa Espainiako 2. zentro irekia da. 12.000tik gora ikaslek osatzen dute 42 nazioarteko sarea. 18 urtetik gorako ikasleak, aurretiko programazioan prestakuntzarik eta ezagutzarik behar ez dutenak, eta “ahalegina, konpromisoa eta motibazioa” baino eskatzen ez zaienak.
Urduliz Dorreak –2400 m2-ko espazioa, bost solairutan banatua– 600 lagunentzako lekua du, eta irekitzen diren igerilekuak gainditu ondoren sartuko dira. Hurrengoek badute data: 2021eko ekaina eta uztaila.