Abenduaren 2an, BAT B Accelerator Tower-en egin zen Bizkaia Inbertsio Foroaren bigarren edizioa, Beazek eta Seed Capital Bizkaiak antolatutakoa. Lurraldeko zortzi startup-ek aukera izan zuten beren enpresa-proiektuak aurkezteko eta 80 inbertitzaile baino gehiagorekin konektatzeko.
Honako enpresa hauek igaro ziren oholtzatik: EscapeUp, Motmo, RV Tickets, myDentist, Nanokide Therapeutics, Roble, Roseo, eta Yuït.
Sektore desberdinetan lan egiten duten arren (aisialdia, kultura, osasuna, zilar ekonomia, energia eta elikagaiak), guztiek ere negozio-eredu berritzaileak dituzte, teknologietan oinarritutakoak. Halaber, maila handiko talde eragileak dituzte “gazteen ordezkaritza onarekin eta emakumeen ordezkaritza oso onarekin”.
Joseba Mariezkurrenak, Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasunerako foru-zuzendariak, inauguratu zuen foroa. Bere esku-hartzean topaketa hori egiteko arrazoiak azaldu zituen: “topaketa hau duela bi urte sortu zen, Bizkaiko startup-ek kapital pribatura iristeko zeukaten beharra ikusita, baita inbertitzaileek eta enpresek lurraldeko startup-ak ezagutzeko eta horietan inbertitzeko agertu zuten interesagatik ere”.
Bi gidalerroei jarraiki, “inbertitzaileak eta enpresak modu praktiko batean konektatzeko” foro bat sortu zen. Proiektuak aurkeztu ondoren, zortzi enpresa sortuberriek mahai-inguru batean tokia hartu eta bilerak egin zituzten business angels delakoekin, corporate venturing-ekin, funtsekin, sozietateekin… Kontraste-dinamika horrek kontaktu errealak erraztu eta sorrarazi zituen eragile inbertitzaileekin, hain zuzen ere, parte hartzaileek gehien nabarmendutako alderdietako bat.
Olatz Goitiak, Beazen zuzendariak, bilerari amaiera eman zion eta adierazi zuen garrantzitsua dela: “foroan zabaldu diren aukeren jarraipena egitea eta startup-en eta eragile inbertitzaileen artean mota honetako dinamikak finkatzea, puntuala ez den eta urtean zehar jarraitutasuna duen hurbilketa eta lan egiteko bide gisa”.