Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko enpresa eta ekintzailetza sarea bildu du BECen Bizkaia enpresa urteroko topaketan, eta aurten berrikuntzako corporate venturing ereduari buruz hausnartu dute.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, lurraldeko enpresek ekonomia berreskuratzeko egiten duten lana azpimarratu du eta ziurtatu du Bizkaiko Foru Aldundiak ekonomia garapena eta ongizatea bermatzeko baldintzak sortzen jarraituko duela. “Bereziki ezberdintzen gaituzten alor horietan, adibidez zergetan. Bai egituran bai koiunturan. Ekintzailetza sustatzeko hobekuntzak ezarri ditugu, eta zerga karga murriztuz startupetan inbertsioak egitea erraztu dugu. Neurri hori jada ezarrita zeuden beste neurri batzuei gehitu zaie, besteak beste ekintzailetza sustatzeko erreserba edo 64 bis artikulua. Errentan eta sozietateetan kenkariak aplikatu ditugu baita ere hirugarrenek ekintzailetzan egindako inbertsioetan. % 35era arteko kenkariak inbertsioa ETE edo mikroenpresa berritzaileetan edo Silver Economy-ari lotuta daudenetan egiten bada. Eta % 25era arteko kenkariak ekintzailetzan egiten diren gainerako inbertsioetan. Hurbiltasuna adierazten duten eredu errealak dira, 2022 zail honetan ezarri ditugun beste neurri hauek bezala: autonomoentzako, mikroenpresentzako eta enpresa txikientzako zorraren ez-ohiko atzerapenak edo PFEZren ordainketaren zatikatzeak”, zehaztu du Rementeriak.
Bestalde, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Ainara Basurkok, azpimarratu du esfortzuak batzea eta elkarrekin lan egitea berrikuntza eta lehiakortasunaren ezinbesteko faktoreak direla. Horri lotuta esan du BATek, ekintzailetzako nazioarteko zentroak, alor horretan zeregin garrantzitsua izango duela. “Enpresa handiek denbora daramate arrisku kapitaleko sail propioak sortzen, kanpoko eragileei eta startupei ateak irekiz beraien erronkei aurre egiteko eta beraien mugak gainditzeko. BAT haratago joango da, izan ere, enpresek eta ETE-ek berrikuntza irekiko metodologian oinarrituz beraien ibilbide orria ezartzea ahalbidetzeko zentroa izan nahi du. Ez esperientzia bakar gisa, baizik eta epe luzeko berrikuntza estrategia gisa. Eta BAT nazioarteko lankidetza ingurunea izatea nahi dugu, eta zentroak erraztu egingo du enpresak eta ETEak etengabeko lehiakortasun bidean mantenduko dituen berrikuntza irekiko estrategiak hedatu ahal izatea”, azaldu du Basurkok.
ON Bizkaia 2022 sariak
Beazek Ekonomia Sustatzeko Sailak ETE-ei eta ekintzaileei zuzentzen dizkien laguntza programen arteko hamabi programa kudeatzen laguntzen du. 2020ean lurraldeko 893 enpresen 767 proiektuetan lagundu zuen eta 18,6 milioi euroko inbertsioa egin zuen.
Horien guztien artean, bi irizpideren arabera (jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko egiten duten ekarpena) gehien nabarmentzen diren proiektuak eta enpresak saritzen dira urtero ON Bizkaia sarietako hainbat kategoriatan.
- Enpresa sorkuntzako proiekturik onena: Advanced Optical Technologies
- Ekintzailetza eta gizarte berrikuntzako proiekturik onena: Kuvu Homesharing
- Bizkaia Sortzailea proiekturik onena: Versa Home
- Nazioartekotze arloko proiekturik onena: Fanox Electronic
- Berrikuntzako proiekturik onena: Airlan
- Start upen ibilbiderik onena: Tech Friendly