Paul Sturrock duela 30 urte ari da lanean enpresa arloan eta esperientzia hori erabiltzen du mentore legez pertsona eta antolakundeei aholkularitza emateko eta etengabe ikasteko. Bizkaia Mentoring Network-en lehen topaketan hitzaldia eman zuen Beazen eta elkarrizketa hau egiteko aprobetxatu genuen, mentoring eta lan-estrategiari buruz hitz egiteko.
Zergatik egin zinen mentorea?
Nire ibilbidea ekintzailetzari eta enpresa-estrategiak ezartzeari lotuta egon da beti. Lanean izan naiz kudeatzailea, startupen sortzaile-kidea, inbertsiogilea, aholkularia… Esperientzia horren ondorioz duela 17 urte Simple Venture Design sortu nuen eta pertsonen eta bere negozioak handitu nahi dituzten enpresa txiki eta handien mentorea bihurtu nintzen
Zertan datza zure betekizuna zehazki? Zein da zure ekarpena?
Nire rola ekintzailearen bidaidea izatea da, bere merkatu-estrategia argi garatzen eta bere harreman-sarea zabaltzen lagundu ahal dion gidaria. Lan interesgarria da, izan ere etengabe ikasten duzu, harremanak ezartzen dituzu jende baliotsuarekin eta zure esperientzia zabaltzen duzu. Jakingura handiko pertsona naiz, neuk bakarrik egingo ez nituzkeen gauzetan parte hartzea eta gaurkotuta egotea gustatzen zait, horregatik naiz mentorea.
Mentore bat edozein proiektu mota bideratzeko gai da?
Nik neuk gauza bi bilatzen ditut: proiektua interesgarria izatea eta aurrean benetan laguntza nahi duten pertsonak edukitzea. Proiektu batzuk interesgarriak izan daitezke etorkizunari begira, baina ideiak erakartzen ez banau, uste dut onena bazterrean uztea dela. Beste alde batetik, noizean behin soilik harremanak nahi dituzten ekintzaileak ezagutzen dituzu; jende hori ez dago entzuteko eta ematen dizkiozun aholkuak eta laguntza aintzat hartzeko prest; orduan harremanak ez duela funtzionatuko pentsatzen dut eta nahiago dut parte ez hartzea.
Mentoringari buruz hitz egitea ekintzailetzaz hitz egitea da?
Ez halabeharrez. Erresuma Batuan orain arte mentoringak ekintzailetzaren lehenengo etapei ematen zien arreta nagusia, baina orain interes handia dago ETEekiko. Lanpostuak ez dituzte enpresa handiek sortzen, baina ezta startupek ere, ETEek daukate enplegu-tasa handiena, horregatik eskaintzen zaie mentoring zerbitzua handiak izateko aukera duten enpresa txiki eta ertainei. Egia esan, enpresa baten etapa guztietan daude pertsonak –mentoreak deitu ala ez– iritzia emateko eta gure ideiak haiekin batera aztertzeko.
Zein da zure lan-estrategia?
Nire lanean ikuspegi sokratikoa erabiltzen dut, mentoring prozesua bilatze eta aurkitze pragmatikoaren prozesua izan dadin saiatzen naiz. Nik ez diet inoiz esaten zer egin behar duten edo zer ez, ez ditut haurtzat hartzen ekintzaileak. Haien usteak ezbaian jartzen ditut, ebidentziekin erantzun behar dituzten galderak egiten dizkiet, euren ideiak prototipo bihur ditzaketela egiaz froga ditzatela eskatzen diet, esperimentuak diseinatzen eta hipotesiak ezartzen laguntzen diet eta eurek zerk funtzionatzen duen eta zerk balio duen euren ideia haz dadin lor dezaten saiatzen naiz. Arrakasta duten mentoreak oso eszeptikoak dira!
Zergatik mentoring sare bat integratzeko urratsa eman, esaterako Bizkaia Mentoring Network?
Enpresa oro testuinguru batetik sortzen da, kultura, ekonomia, teknologia… integratuz. Arloak lotuta duten sistema baten parte gara. Oso zaila da mentore isolatua izatea, mentoringa parte-hartzeko prozesua da eta funtsezkoak dira besteengandik ikastea, lankidetza eta eskuzabaltasuna. Ekintzaileei laguntzeko eta mentore legez zeure burua garatzeko askoz aukera gehiago daukazu sare bateko kidea bazara..