Bostonen lantegi trinko batean lau egun eman ondoren Euskadira itzultzeko bezperan, MassChallengeBiscay programaren 3. edizioan parte hartu duten 15 euskal startupek beren proiektuak defendatu zituzten “pitch competition” batean. Haietako lauk horrela MassChallengeren munduko finalera pasatzea lortu zuten. Zorionak!
Dative Partners, Go4it eta Heepsy, Bizkaia ordezkatuz, eta Asparia Glycomics, Gipuzkoakoa, ia beste mila enpresarekin lehiatuko dira maiatzean finalean, MassChallengek Israel, Mexiko, Erresuma Batua, Suitza eta Texasen dauzkan egoitzetariko batean lau hilabetez enpresa bizkortzeko prozesu batean egoteko aukera izateko.
MassChallenge munduko startup-bizkortzaile handienetako bat da. 2016an Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena sinatu zuen berarekin eta abian jarri zuen MassChallengeBiscay. Horren bidez 37 euskal enpresak aste betez Bostoneko egoitzara bidaia egiteko aukera izan dute beren gaitasunak indartzeko.
Bost egun mamitsu horietan hitzaldiak izan dituzte merkatu, salmenta eta komunikazio adituekin; banakako saioak egin dituzte mentore eta inbertsiogileekin; Bostonen ekintzailetzarako esanguratsuak diren enpresa eta lekuak bisitatu dituzte, etab. Beren negozio-eredua definitzen laguntzeko pentsatuta dagoen programa osoa.
Hirugarren edizio honetan parte hartzeko hautatuak izan diren 15 startupak hauek izan dira: Asparia Glycomics; Biotech Food; Dative; Dialecto; Go4ITSolutions; Heepsy; Hola; Innoprick; OnFashion; Songlive; Stockare; Tecbiocel; Twin & Chic; Walden; eta WREAM.
Lehenengo aldiz Gipuzkoako startupek partu hartu dute programan, urtarrilean Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ekintzailetza aurreratu eta talentuaren kudeaketari dagokionez sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren ondorioz.