Turismoaren sustapen presentzialak eta digitalak bat egingo dute Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri berri duen ekimenean. Horren bidez, hainbat pertsona hautatuko dira Bilbao Bizkaiaren enbaxadore gisa aritu daitezen estrategikotzat jotzen diren Europako merkatuetan.
Milan, Paris, Amsterdam eta Bartzelonara hurbilduko du aldundiak, Vueling-en laguntzarekin, gure lurraldean egindako bidaia bat islatzen duen esperientzia murgiltzailea. Horretarako, proiekzioak, sentsoreak, aromak hedatzeko sistema bat, soinu estereoa, ukipen-mahai bat eta edukiak kudeatzeko sistema bat erabiliko dira, hegazkin-kabina bat dirudien kaxa batean sartuta.
Nolabaiteko eragina duten 160 pertsonak parte hartuko dute esperientzia honetan: aktoreak, telebistako aurkezleak, pertsona mediatikoak, kazetariak… Eta horien artetik aukeratuko dira udazkenean Europan martxan jarriko den marketin digitaleko kanpaina bateko protagonistak.
“Aurrez aurreko kanalak teknologiarekin eta kanal digitalekin uztartuko ditugu, sustapen-kanpaina bat garatzeko. Esklusibotasuna eta esperientzia paregabea eskainiko dizkiegu preskriptore garrantzitsuei, herrialde horietarako sarbidea izateko eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko», azaldu du Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, ekimenaren aurkezpenean. «Aukera-abagune honetan aurrera egiten ari gara, eta turismo-fluxuak berreskuratzen ari gara», adierazi du amaitzeko.