Bizkaiko hamalau turismo-enpresa gehituko dira azaroaren 7an Beazen Turisberri zerbitzuaren bigarren ediziora. Zerbitzu horren helburua sektorearen berrikuntza- eta ekintzailetza-gaitasuna indartzea da, eta horrekin, baita sektorearen lehiakortasuna ere.
Hautatuak honako hauek dira: Bilbao Paso a Paso, Boga Garagardoa, B-Lab Gastronomic, Dzingua Kirol Ekintzak, Edari Eskola, Hotel Rural Atxurra, Hotel Seminario Bilbao, Jai Alai Events, Kuia Invest, N.I.S North Incoming Service, Polaris Nautika Eskola, Salica Industria Alimentaria, Troka Abentura, eta Urdaibai Experience.
Gaikuntzan zehar, lan-saio indibidualizatuak eta baterako saioak txandakatuko dira eta bost arlotan ardaztuko dira: zerbitzuen diseinua, prospektiba estrategikoa, kodiseinua, jasangarritasuna eta negozio-eredu berriak.
Horietan, merkatuan asebete gabeko beharrizanak identifikatzen ikasiko dute, bai eta balio erantsia ekarriko duten zerbitzu-proposamenak definitzen, etorkizuneko eszenatokiak aurreikusten, elkarrekin lan egiten eta berrikuntza dakarren negozio-eredu bat egituratzen ere. Hori guztia garapen jasangarriaren ikuspuntutik.
Gainera, landutako dinamiketan sakontzea ahalbidetuko dioten proiektu pilotu bat egingo dute.