Euskadiko punta-puntako proiektu digitalen hamabi sustatzailek SUA Euskal Ekintzaile Digitalen Elkartea eratu dute. Elkarteak “SUA SARIEN” lehenbiziko edizioa deitu du, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Sari hauen helburua Interneten eremuan proiektu teknologiko berriak saritzea eta sustatzea da. Proiektu horiek ideia onak balioa eta etorkizuna dauzkaten negozio bihurtzeko bokazioa izan behar dute, produktuak merkaturatzeko eta aberastasuna eta enplegua sortzeko asmoarekin. Lehiaketa interesa daukaten pertsona, enpresa eta antolakunde guztientzat irekita dago. Lehiaketaren informazio zehatzagoa eta oinarriak hemen aurki daitezke: www.suadigital.com.
“SUA SARIAK” antolatzen dituzten hiru erakundeek daukaten helburua proiektu irabazleei garatzeko eta laguntzeko bideak eskaintzea da, Euskadin orokorrean eta bereziki Bilbon eta Bizkaian ekimen berriak abiatzeko moduan. Horrela, aberastasuna sortzea eta gure hiria eta lurraldea ekintzailetza teknologikoaren erreferente izatea dugu xede.
Sustatzaileek Interneten erabiltzaileentzat bereziki erabilgarri diren ekimenak bereziki baloratuko dituzte.
Proiektuak aurkezteko epea urtarrilaren 16an amaituko da eta hilabete horretako 24an irabazleak jakitera emango dira, Bilboko Ensanche eraikinean egingo den ekitaldian, “SUA TECH MEETING” izenekoa. Antolatzaileek guztira hamar proiektu hautatuko dituzte, beraien sortzaileek ekitaldian aurkeztu eta defendatuko dituztenak. “SUA SARIEN” epaimahaiak, proiektu bakoitzaren aurretiazko analisiarekin eta haietako bakoitzaren zuzeneko aurkezpena kontuan izanik, erabaki bat hartuko du eta hiru irabazleen berri emango du.