Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sony Interactive Entertainment enpresak akordioa sinatu dute PlayStation Games Campen egoitza berri bat Bizkaian martxan jartzeko, bideo-jokoen arloan tokiko talentua sustatzeko helburua izango duena.
Play Station Games Camp Bilbao Bizkaia delakoa Beazek Bilbon duen egoitzan egongo da, eta hautaketa prozesuan gehienez ere hiru talde aukeratuko dira ondoren egoitza horretan elkarrekin lanean aritzeko. Talde horiek Sony Interactive Entertainment enpresako langileen tutoretza tekniko zuzena jasoko dutenez, marka horrek Europan dituen garapen zentro nagusien aholkularitza izango dute.
Programaren beste helburuetako bat enpresa berrien sorkuntza sustatzea da. Horretarako, programa azterlan txiki, unibertsitateko ikasle eta gazte sortzaileei zuzenduta dago, baita azken urtean 100.000 euro baino gutxiago fakturatu dituzten enpresei ere.
Campa 2017ko otsailaren 1ean hasiko da lanean.