Modelizazio Matematikoaren arloko Aholkularitza Zerbitzuaren bigarren edizioa hilabeteetako lanaren ondoren amaitu da. Honako hau BEAZek bultzatzen duen eta BCAMek gauzatzen duen zerbitzua da, eta Bizkaiko enpresa txiki eta ertainetan eta startupetan I+G+b proiektuak indartzea du helburu, ezagutza aurreratua transferituz.
Zerbitzuak bi lan-arlo bereizten ditu: datuen diagnostikoa eta modelizazio fluidodinamikoa. Lehenengoan, besteak beste, estatistika-analisi aurreratua, aurresateko ereduen garapena edota ‘machine learning’ teknikak jorratzen dira. Bertan Airlan Industrial, Solarpack eta Tellmewow enpresek hartu dute parte. Bigarrenean, zenbakizko ereduen definizioa eta garapena lantzen dira, baita prozesuen simulazioa eta optimizazioa ere; oraingoan Ona Electroerosión, Quilton eta Suprasys enpresek garatu dituzte alor horiek.
Parte-hartzaile guztiek modu positiboan baloratzen dute zerbitzuak ahalbidetu dien zentro matematikora hurbiltzea. Laura Egil-ek, BEAZeko Berrikuntzaren arloko koordinatzaileak, azpimarratzen duenez, «Gure ekosistema berritzailean BCAM bezalako eragileak izatea eta ETEek eta startupek ergileok aliatu gisa identifika ditzaten erdiestea da ekimen honen gogobetetze handienetako bat».
enpresekin lan egin duten BCAMeko Ezagutzaren Transferentziarako Unitateko Dae-Jin Lee eta Imanol García-Beristain teknikarien adierazpenei jaramon egiten badiegu, adierazpen hori baieztatzen dugu; izan ere, haien ustez, zerbitzuak, aldez aurretik, bestelako ikuspegiak gehitzen dizkie, balio handia ematen dieten eredu matematikoen bidez; «zerbitzu honek proposamen berriei men egiteko behar dituzten bitarteko egokiak ematen dizkie».
Honako hauek dira parte-hartzaileen ustez garrantzizkoenak diren beste alderdi batzuk: “lankidetza-aukera berriak irekitzea aplikatutako proiektuetarako” (Suprasys eta Ona Electroerosion); “BCAMeko lantaldearen hurbiltasuna, soluzio baliagarriak eta baliozkoak emanez enpresari” (Airlan); “datuak sakonki egituratzeko, interpretatzeko eta aztertzeko aukera” (Tellmewow), “ezagutza bikainaren ondorioz denbora aurreztea eta, ondorioz, proiektuak azkartzea” (Solarpack); “enpresa bakoitzaren diseinuko barne-ingeniaritza hobetzeko tresna garatzeko abiapuntu izatea” (QUILTON).
Laster zerbitzuari dagokion beste deialdi bat egingo dugu.