2020. urtearen amaieran, Bilbao Bizkaia Design Week-en esparruan, abian jarri zen KIMERAvsKIMERA proiektua. Aclimarekin lotutako enpresek, sormen-sektoreko profesionalekin batera, trantsizio ekologikoari, sozialari eta produktiboari nola heldu hausnartu zuten. BiDCk beste sektore batzuetara zabaltzea espero du.
23 pertsonak parte hartu dute lehen esperientzia honetan: enpresak, diseinatzaileak, unibertsitateak, erakundeak eta EIDE, Karraskan eta Wikitoki bezalako elkarteak egon dira. Forma ematen eta prozesua errazten ColaBoraBora taldea aritu da.
Azaroaren 19tik abenduaren 10era bitartean, guztiak elkartu ziren bi helbururekin: haien arteko desberdintasunak eta osagarritasunak ezagutzea eta lankidetzatik abiatuta eta interes orokorra lehenetsiz landu beharreko lan-ildoak identifikatzea.
Kimera hitzaren dualtasunak -munstroa/irrika- proiektuari izena ematen zion. Alde batetik, egungo krisi ekologikoa, soziala eta produktiboa; eta, bestetik, mundu jasangarri batean, dimentsio guztietan, bizitzeko eta trantsizio horretan laguntzeko gogo bizia.
Helburu hori lortzeko, sektoreen arteko hibridazioa proposatzen du KIMERAvsKimerak. Kasu honetan, iraunkortasunaren eta ekoindustriaren artean, eta kulturaren eta sormenaren arloan. Olatz Goitia Beazko zuzendariak azaldu duenez, horretara eraman ditu “Sormen-industriek garapen iraunkorrerako duten funtsezko rolak”.
2021 Garapen Jasangarrirako Ekonomia Sortzailearen Nazioarteko Urtea da. “Ekonomia sortzaileak berrikuntza sustatzen du hazkunde eta garapen inklusiboak, bidezkoak eta iraunkorrak lortzeko”, azaldu du NBEk. “Inoiz baino gehiago, pentsamendu sortzailea, berrikuntza eta egunero aurre egin behar diegun erronken konponbideak behar ditugu”, adierazi dute.
KIMERAvsKIMERA ekimenaren lehen edizioaren ostean, “Topaketa, nahasketa eta erronkak eta interesak partekatzeko espazioak sustatzen” jarraitzea da asmoa. “Erronka handiek -entzun zen Bilbao Bizkaia Design Weeken- diziplinarteko gizarteak behar dituzte”.