Europako Fiware Accelerator programak ETE eta ekintzaileei eskaintzen dizkien aukeren berri jakin nahi baduzu, Bizkaia:Talent-ek jardunaldi bat antolatu du. Ekainaren 2an izango da, Kabi 612-n, eta hantxe izango dira teknologia horretan adituak diren batzuk eta FABulous azeleratzailearen koordinatzailea; hain zuzen ere horren bigarren deialdia hilaren 18 arte zabalduta egongo da. Inskripzioak.
FIWARE programak barruan hartzen du 16 azeleratzailek osatutako sarea. Azeleratzaile horietako bat –FABulous izenekoa eta 3D inprimaketa ardatz duena– Euskaditik gidatzen da. Haren aurrekontua 5,4 milioi eurokoa da. Dirutza horrekin Europako 150 ETE eta startup finantzatu behar dira –itzuli behar ez diren laguntzak emanez–, baldin eta arlo horretako enpresak edo negozio-lerro berriak abiarazteko proiektuak aurkezten badituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko 13 ETE izan dira onuradunak lehenengo deialdian.