Ekainaren 25etik 27ra, “Hack & Disrupt!” ekitaldia egingo da Bilbon. Fintech eta insurtech arloan zentratutako lehen hackathona da, eta finantza jasangarrien esparrura bideratuta dago bereziki. BME eta BBF Fintechek antolatzen dute. Izen-ematea.
Hitzordu honen helburua pertsona ekintzaileak eta enpresak konektatzea da, finantzak eta aseguruak berriz irudikatzeko digitalizazioaren bidez. Horretarako, parte-hartzaileek Kutxabank Seguros, Kutxabank, Lagun aro, Laboral Kutxa eta Renta4k proposatutako benetako 5 erronkari aurre egin beharko diete elkarlanean.
Nazioarteko ekitaldia hibridoa izango da. Aurrez aurreko zatia Bilbao Berrikuntza Faktorian izango da; birtuala, berriz, plataforma teknologiko baten bidez. Plataforma horretatik jarraitu ahal izango dira, streaming bidez, irekiera eta itxiera, baita aurkezpenak ere.
Talde irabazleek lau sari eskuratu ahal izango dituzte: Suitzarako bidaia, fintech eta insutech ekosistema eta sektoreko startup liderrak ezagutzeko; BBF Fintech inkubazio-programan parte hartzea; Insurtech berrikuntza irekiaren programan parte hartzea; eta azken elkarrizketarako zuzeneko sarbidea, F10 azeleragailu suitzarraren inkubazio-programan parte hartzeko.
BBF Fintech finantzen eta teknologiaren inguruko negozio berrien inkubagailua da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak sustatzen dute, Dominion partner teknologiko gisa hartuta.