Infobeaz

“Finantza-egoera argi edukitzea zure enpresari zer komeni zaion jakiteko lehen urratsa da”

Otsailaren 15ean amaituko da Finantza Funtzioaren Diagnostiko Zerbitzuan izena emateko epea. Beazek eta Elkargik abian jarritako proposamena da, ETE eta startupei beren finantzaketa-estrategia optimizatzeko eta erabaki hobeak hartzeko tresnak emateko.

Proiektua pandemiaren lehen hilabeteetan aztertu zen. Alde batetik, enpresak finantza-arazoak izaten hasi ziren beren jarduerari eusteko; bestetik, erakunde publikoek eta pribatuek hainbat finantzaketa-lerro berri eskaini zuten premia handiz.

“Laguntza eta baliabide lerro horietako bakoitzak, Olatz Goitiak azaldu duenez, enpresa mota bati eta bizi duen uneari erantzuten dio. Finantza-egoera argi edukitzea zure enpresari zer komeni zaion jakiteko lehen urratsa da “. “Finantza antolakuntzarik ez izateak ez du aurrera egiteko oztopoa izan behar”, azpimarratu du Beazko zuzendariak.

Hortik sortu zen diagnostiko-zerbitzu bat proposatzeko ideia, “enpresei aukera emango diena egungo finantzaketa-estrategia aztertzeko eta, epe labur eta ertainean dituzten mugarriak kontuan hartuta, berriz diseinatzeko, egoera ekonomikoa indartzeko eta, horrekin batera, kudeaketa eta negozioa indartzeko”.

Zerbitzuari forma emateko, Beazek Elkargiren finantza-aholkularitzako esperientzia izan du. Elkarrekin ibilbide bat garatu dute, parte hartzen duen enpresa bakoitzaren errealitatearen azterketatik abiatuta, eta, amaitzeko, diruzaintza, likidezia, kostuak, txostenak eta kudeaketa-adierazleak hobetzeko irtenbide posibleak definitu dituzte.

Zerbitzuak 1.000 euroko kostua du. Otsailean hasiko da eta hiru edo lau hilabetez luzatuko da.

 

Beaz

FREE
VIEW