ON Bizkaia Sariek jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sortzeko enpresek egindako ekarpena goraipatzen dute. Ekonomia Sustatzeko Foru Sailak bultzatu eta Beazek kudeatzen dituen programen laguntza jasotzen duten proiektuak izan daitezke hautagai. 2020an, sozietate publikoaren lantalde teknikoak 893 enpresaren 1124 espediente ebaluatu zituen. Zazpi dira sarituak.
BERRIKUNTZA proiekturik onena: Flexix
Flexix automobilgintzaren sektorerako kautxuzko, kautxu-metalezko eta elastomerozko produktuak diseinatzen eta fabrikatzen diharduen enpresa da. Injekzio-prozesu eta -sistemetan duen esperientzia dela eta, osagai bat sortu du merkatu-hobi berri baterako: ibilgailu astunak. Hauts-babes bat garatu dute, zikinkeria kabinatik motorrera joan ez dadin, direkzio-ardatzaren funtzionagarritasuna mantenduz eta kabinako inklinazio-mugimenduen xurgapena ekarriz. Fabrikagarritasun konplexua duen pieza horri esker, Zamudioko enpresak fakturazioa eta nazioarteko presentzia handitu ditu.
NAZIOARTEKOTZE proiekturik onena: Arfluk
Arfluk balbula industrialak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu sektore petrokimiko, gas, ur eta itsas sektoreetarako, besteak beste. Enpresa ertain honek nazioarteko merkatuan presentzia eta izena izatea lortu du, eta munduko proiektu energetiko garrantzitsuetan parte hartu du. Ingeniaritza sailaren sendotasuna, salmenta sare aditua eta inbertsio teknologikoa dira gakoak. 4 lantegi dituzte Espainian, Saudi Arabian, Txinan eta Indonesian, baita 9 bulego komertzial eta bazkide estrategikoak ere mundu osoan. Haren berehalako helburua Herbehereetako merkatuan sartzea da.
SORMENEZKO BIZKAIA proiektuaren saria: Guts and Love
Guts and Love 2015ean sortu zen, gama ertain-altuko emakumeen modako jantziak diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzeko. 2019an, bi produktu-lerro berri gehitu zituen: osagarriak eta etxeko artikuluak, bere marka-irudia –“Guts and Love unibertsoa”– indartzeko eta hazkundea sendotzeko. Proiektuak aukera eman dio katalogoa handitzeko, baina baita hornitzaile berriekin lan egiteko, bezero-segmentu desberdinetara heltzeko eta salmenta-garaia zabaltzeko ere. Enpresak bi banaketa-kanal finkatu ditu: online salmenta eta marka anitzeko dendak, eta 1.4 milioi euroko fakturazioa lortu du.
GIZARTE-BERRIKUNTZAKO proiekturik onena: Bizitzen Fundazioa
Bizitzen Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, gizarte-zerbitzuetakoa. Adinekoei eta haien senitarteko zaintzaileei laguntzea du helburu. 2019an Laguncare garatu zuten, zaintzaile ez-profesionalentzat pentsatutako lehen laguntzaile birtuala. Adimen artifiziala du plataformak, eta zazpi zerbitzu eskaintzen ditu: prestakuntza- eta orientazio-jarduerei laguntza psikologikoa ematea, harreman-foro bat, produktuak/zerbitzuak erosteko zerbitzu bat… Zaintzaileen tipologia beste herrialde batzuetan oso antzekoa denez, Bizitzen Laguncare nazioartean ezartzea aztertzen ari da.
ENPRESEN SORKUNTZA proiekturik onena: Eurotubos del Norte
Eurotubos del Norte SKIDak, hodiak, presio-gordailuak eta soldadura bereziak egiten dituen enpresa gaztea da. 2018an hasi zen lanean, 20 urtetik gorako esperientzia duten profesionalek bultzatuta. Industria tradizionaletik abiatzen dira, baina egungo tekniketara eta beharretara egokitu dira, eta proiektu txikiak instalazio handietan aplikatu nahi dituzte. Bi urtetan lanpostu ugari sortu dituzte Enkarterrietan, salmenten bilakaera positiboa lortu dute, eta fakturazio-bolumena 1.3 milioi eurokoa izan da.
STARTUP ibilbide onena: SATLANTIS
SATLANTISek prestazio handiko kamerak garatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu Lurra behatzen duten mikrosateliteentzat. Enpresa EHUko Zientzia Parkean dago, eta Floridan eman zituen lehen urratsak, 2013an. Bertan, kamera horien ingeniaritza eta ekoizpen prozesuaren garapenari ekin zion. Urtebete geroago, Bizkaira etorri zen. Gaur egun, munduko liderra da kamera espazial miniaturizatuen esparruan, iSIM teknologiari esker. Japoniako JAXA agentziak 2020ko ekainean Nazioarteko Espazio Estaziora jaurtitzea funtsezkoa izan da. Haren goranzko ibilbidearen isla dira, halaber, lantaldea osatzen duten 40 pertsonak eta 6 milioitik gorako fakturazioa.
SPINOFF ibilbide onena: Label Factory
Label Factory Labelmarket enpresaren filial gisa jaio zen. Identifikazio, kodifikazio eta trazabilitatearekin lotutako ekipo, kontsumigarri eta LTZren banaketa komertzialean urteak eman ondoren, 2010ean produktu propio bat garatu zuen: etiketatze automatikoko ekipoak. Negozio-ildo horren arrakasta dela eta, 2014an matrizeak Label Factory sortu zuen, I+G+b eta produktu berritzaileen eta neurrirako irtenbideen fabrikazio-zentro gisa. 4.0 industriako teknologiak txertatu dituzte ekoizpen handiak eta produktibitate handia lortzeko. Bost patente ditu erregistratuta, eta erreferentea da farmazia-, kimika-, elikadura- eta edari-sektoreetan.