Martxoaren 1etik aurrera herrialde berri batean sartzeko proiektua daukaten Bizkaiko ETEei laguntza emateko Ekonomi eta Lurralde Garapeneko Sailak eman eta Beazek kudeatzen dituen diru-laguntzak eskatu ahalko dira. Aurten zenbait berrikuntza sartu dira nazioartekotze-dekretuan.
Hauek dira aurtengo dekretuan agertzen diren berrikuntza nagusiak:
- Laguntza molde berriak: kanpo merkataritzan espezializatutako pertsonal teknikoaren kontratazioaren sustapena enpresaren esportazio sailean jardun dezan (baldintzak honakoak dira: kontratatutako pertsona 35 urtetik beherakoa izatea eta kanpo merkataritzako titulazioa izatea eta gutxienez urtebeteko esperientzia).
Gainera, xede herrialdeetan profesionalak kontratatzeko laguntza emango da, herrialde berrian enpresak balioestea errazteko eta azkarrago eta modu eraginkorragoan sartzeko.
- Funtzionamendurako hobekuntzak: dagoeneko ez da beharrezkoa enpresaren ekimena Jarduera Ekonomikoen Nazio Sailkapenean (CNAE) sarturik egotea. 2016tik aurrera onuradunak izan ahalko dira jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta harturik dauden enpresak.
Gainera, “herrialde berriaren kontzeptua” sortu da; kontzeptu horrek honakoari egiten dio men: azken 3 urteetan enpresaren salmenten batez bestekoa fakturazio osoaren %5etik beherakoa izateari eta enpresak ordezkaritza ez edukitzeari.
Azkenik, programa hau lurraldeko eskualdeetako enpresei zabaltzeko eta aurkezteko aurreikuspena egin da, sektoreetako eta eskualdeetako elkarteen laguntzaz.
- Kanpo merkataritzako prestakuntza: Enpresaren pertsonalari zuzenduta, Bilboko Merkataritza Ganberaren edo beste erakunde ofizialen ikastaroak edo mintegiak ere diruz lagundu ahal izango den gastutzat hartuko da.
Programak nazioartekotze proiektuaren %60rainoko diru-laguntza jasotzen du eta gehienez ere 60.000 euroko kopurua onuraduna izango den erakunde bakoitzeko. Eskaerak aurkezteko epea hurrengo martxoaren 1ean zabalduko da.