Infobeaz

Bizkaiak Nagusi Intelligence Center jarri du abian

Nagusi Intelligence Centerrek ateak ireki ditu Urduliz Dorrean, Bizkaiak zilarreko ekonomiaren inguruan duen estrategiaren motorra izateko eta biztanleriaren zahartzeak dakartzan erronka sozial eta ekonomikoei aurrea hartzeko. 

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gogorarazi duenez, jaiotzako bizi-itxaropena 20 urte baino gehiago igo da 1950etik, eta joera horren arabera, Bizkaiko hamar pertsonatik lauk 65 urte baino gehiago izango dituzte 2050ean. “Gero eta urte gehiago bizi gara, eta urte horiek bizitzaz eta ongizatez beteta egotea lortu behar da. Edadeko pertsona askoko gizartea izango gara, eta aukera bihurtuko dugu. Saiatzera behartuta gaude”, ziurtatu du.

Rementeriak Nagusi Intelligence Center balioetsi du, pertsonen bizi-kalitatean aurrerapenak lortzeko duen ahalmenagatik, bai eta jardueraren eta enpleguaren sektore berri bat irekitzeko aukeragatik ere. “Ziur gaude hau ona dela gure edadeko pertsonentzat. Ziur gaude ekintzailetza-gaitasun handiko sektorea dela, eta ilusioz gainezka gaude, guztion artean, industria-sektore berri bat sortzeko, jarduera ekonomiko eta enplegu arlokoa, zahartzearen inguruan. Eta uste dugu hori guztia prestakuntzaren eta talde-lanaren bidez baino ez dela posible. Publikoa eta pribatua uztartuz. Erakundeak, enpresak, unibertsitatea eta kalea lotuz. Hori guztia da NIC”, ziurtatu du.

Ainara Basurko eta Sergio Murillo Sustapen Ekonomiko eta Gizarte Ekintzako diputatuek azaldu dutenez, zilarrezko ekonomiaren aldeko apustua egitea lurraldeko asistentzia-sistemaren beharrizanei aurrea hartzea da, sistema horren iraunkortasuna jagotea, eta, aldi berean, zahartzearen erronka Bizkaiko garapen sozial eta ekonomikorako agertoki positibo bihurtzea.

“Bizkaia populazioaren zahartzeari egokitu behar zaio, independentzia eta gizarteratzea areagotuz; horretarako, beharrezkoa da industria-, enpresa-, akademia-, ikertzaile- eta gizarte-kolektiboen arteko lankidetza, ingurune egokituak sortzeko xedez; produktu berriak, teknologia medikoarekin eta asistentzia- eta osasun-arretarekin lotutako zerbitzuei lotutakoak, adibidez”, azaldu du Murillok.

“NIC lankidetza publiko-pribatuko estrategia eta espazio bat da, living lab bat, prestakuntza, ekintzailetza, digitalizazioa eta beste sektore industrial batzuekin sinergiak bilatuko dituena zilarrezko ekonomiaren eremuan”, ondorioztatu du Ainara Basurkok.

Zentroaren inaugurazio-jardunaldiak balio izan du ekimenaren aditu eta sustatzaileek iristeko dauden eraldaketa sozial eta ekonomiko handietan sakontzeko. Hala, populazioaren zahartzeari eta iraupen luzeko zainketen erreformei lotutako politiketan gehien dakien ahotsetako batek parte hartu du ekitaldian: Martin Knapp irakasleak, alegia The School for Social Care Research-en zuzendariak (London School of Economics). Era berean, hartu dute parte, besteak beste, Mikel Alvarez Mondragon Unibertsitateko presidenteak, Victor Ugarte Reale Seguros enpresako Marketin zuzendariak eta Nerea Amenabar Home Health Care enpresako zuzendari eta Ubikare Taldeko sortzaileetako batek.

Nagusi Intelligence Center-en jarduera-ardatzak

Nagusi Intelligence Centerrek Urduliz dorreko bi solairu hartzen ditu, eta bertan 4 jarduera-eremu nagusi garatuko ditu:

1. NIC Prestakuntza. Masterren programa Mondragon Unibertsitatearekin, zahartzearen eta iraupen luzeko zainketen inguruan prestatutako profesionalak sortzeko. Hasierako hiru proposamen, osatzen joango direnak: Berrikuntza eta ekintzailetza masterra Silver Economy-n; Teknologiei buruzko masterra Silver Economy-rentzat; Silver Economy-ri buruzko datuak aztertzeko masterra

2. NIC Ekintzailetza. Startupak sortzea bultzatzea eta produktu eta zerbitzu berriak berritzen laguntzea zilarrezko ekonomiaren eremuan. Beazek enpresa berritzaile berrien inkubagailua dinamizatuko du. Berrikuntza irekiko ekimenak landuko dira erronken bidez, eta enpresekiko loturak ezarriko dira.

3. NIC Enpresa. Helburua lurraldeko enpresen zilarrezko ekonomiara bideratutako dibertsifikazio-proiektuei laguntzea da.

4. NIC Data. Adimen Artifizialaren eta Big Dataren garapena erraztea, anonimizatutako datuak eskuratuz, berrikuntza eta ezagutza sortzeko.

, ,
Beaz

FREE
VIEW