Bizkaiko Foru Aldundiak eta Telefónicak adostu duten aliantzaren ondorioz Bizkaia Open Future_ sortu da, Bizkaiko Lurralde Historikoko industria-sektoreari 4.0 industriaren eredu berrira trantsizioa egiten laguntzeko, eta Beaz erakunde laguntzailea da.
Bizkaia Open Future_ espazio fisikoan eta ingurune birtualean garatuko da. BIC Bizkaia Ezkerraldean dagoen Ilgner Crowdworking-ean egingo dira ekimenari loturiko jarduera asko. Parte-hartzea dohainik da.
Programaren helburu nagusia ehun industriala digitalizatzea da. Apirilaren 29a arte tokiko zein nazioarteko start-up eta ETE teknologiko eta industrialei zuzendutako deialdia zabalik egongo da; eta hautagaitzak http://bizkaia.openfuture.org webgunean aurkez ditzakete.
Bizkaiko Lurralde Historikoan dauden ETEek Negozio Ereduen Berrikuntza Programan parte hartu ahal izango dute. Bertan, Ilgner Crowdworking-eko banakako saioetan parte hartzeko 10 enpresa onenak aukeratuko dira, eta 4.0 industriak dakartzan inplikazioak ulertzeko laguntza eta negozio eredu berriak aztertzeko aukera emango zaie. Gainera, lehenengo deialdi horretan, 20 ETE aukeratuko dira Trebakuntza Programarako.
Start-up enpresei dagokienez 10 aukeratuko dituzte Trebakuntza Programarako, eta beste 5ek Azelerazio Programan sartzeko aukera izango dute. Azken horren xedea banakako laguntza eskaintzea da, hazkunde azkarra eta mailakatua lor dezaten.