Bizkaiko Foru Aldundiako Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta BEAZen bidez bultzatutako Bizkaia Eskutik proiektuak 2020 Artisautza Sari Nazionala jaso du, Erakunde Publikoentzako “Sustapena” kategorian.
Epaimahaiak azpimarratu duenez, “Erakundeak artisautzako profesionalen eta diseinatzaileen arteko lankidetzari bultzada eman dio, euskal artisautzaren, kulturaren eta tradizioen irakurketa garaikidea egiteko trebetasunak batzeko”.
Bizkaia Eskutik BEAZek 2019ko martxoan abian jarritako proiektua da, Bizkaiko artisau-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko. Helburu horrek katalizatzaile gisa izan du diseinua, giltzarri gisa lankidetza, eta erronka gehigarri gisa, berriz, turismo-esperientziari balioa gehitzea.
Ekonomia Sustatzeko Saileko zuzendaritzek partekatzen duten ideia baten ondorioz, Bizkaia Eskutik ekimenak sinergiak egiten ditu proiektuaren muinean. Artisautzako profesionalei diseinatzaileekin elkarlanean aritzea eta artisautzaren irakurketa garaikidea egiteko trebetasunak batzea proposatzen die. Proposamen horrek egiletza partekatuari, ekoizpen- eta merkaturatze-eskubideei buruzko legezko akordio baten babesa du. Gainera, hitzaldi-programa bat antolatzen du, komunikazio-gaietan edo salmenta-bide berrietan dituzten eskumenak eguneratzeko.
Hiru hilabetez, 31 pertsonako talde batek, Martin Azua diseinatzailearen tutoretzapean, ezagutzak eta talentuak partekatzen zituzten, eta proiektu komun batean integratzen zituzten. Egurrez, zeramikaz, beiraz, metalez, artilez, larruz, oihalez eta xaboiz egindako 14 objektuk osatzen dute bilduma: flyschak, txalaparta, euria, artzaintza, arrantza, Hainbat dendatan saltzen dira, Azkuna Zentroan, eta bilduma osoa Fitur 2020an aurkeztu zen.
Gutxien hautematen den zatia, ordea, bertan parte hartu dutenengan lekurik handiena utzi duena da. Bizkaia Eskutik ekimenak zer suposatu duen galdetuta, “Taldean lan egiten ikastea”, “Proiektuak beste begi batzuetatik ikustea”, “Produktu bat metodologia bati jarraituz kontzeptualizatzea” eta “proiektu berriak egiteko sare bat” sortzeari balio berezia ematen diote.
Diseinatzaileek “eroritako aurreiritziez”, “lan egiteko moduagatik liluratuta sentitzeaz”, “mirariak diruditen trebetasunez”, “independenteak izan daitezkeen baina emaitza hobeak ematen dituzten bi sektore sortzailez” hitz egiten dute.
Artisautza Sari Nazionalak
Artisautza Sari Nazionalak Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak ematen ditu, Industria Antolamendurako Eskolaren (EOI) eta Fundesarte artisautza sustatzeko katedraren bidez. Bere helburuak artisautza garaikidearen arloan jarduera bikainak eta eredugarriak identifikatzea eta sektoreko ETEen garapenean eta lehiakortasunean laguntzea dira. Lau kategoria bereizten ditu: Artisautza Sari Nazionala; Produktu Saria; Ekintzailetza Saria: eta Erakunde Publikoentzako Sustapena Saria, BEAZ eta Bizkaia Eskutik taldeek eta Galiziako Artisautza Fundazio Publikoak eta “Artisautza platerean” proiektuak irabazi dutena.