Otsailaren 20an seigarren Bizkaia Enpresa bilera ospatuko dugu BEC-en. Aurten berriro ere gurekin lan egin ohi duten Bizkaiko enpresa eta ekintzaileekin bilduko gara eta enpresen hazkundeaz hausnartuko dugu. Gainera, ON Bizkaia 2017 sariak banatuko ditugu.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak emango dio hasiera ekitaldiari eta egitarauaren barruan, ON Bizkaia sariak emateaz gain, Roberto Urkitza kazetariak gidatuko duen mahai-ingurua egongo da, hurrengo enpresekin: Navacel, Metal Group, IPF eta Innoprot.
Mahai-inguruan hazkunderako tresnez eta bertoko enpresa ezagunek hazteko erabili dituzten bide ezberdinez -bategitea, nazioartekotzea, lankidetza, etab.- hitz egingo da.
Ez dira hauek ezagutuko ditugun esperientzia bakarrak, izan ere bileran gonbidatutako pertsona guztiek aukera izango dute beren enpresa zein fasetan dagoen eta hazteko proiekturik daukaten azaltzeko.
Imanol Pradales, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak emango dio amaiera bilerari.