Bilbao Bizkaia Film Commission-ek azken ekitaldiko jardueraren balantzea egin du. Datu aipagarrienetako bat da, pandemia izan arren, 2020an inoiz baino gehiago filmatu zela. Horrela, sendotu egiten da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatzen duten zerbitzu horren kokapena, ekoizpenak erakartzeko agente gisa.
2020an BBFCk 202 filmaketa eskaerei erantzun zien, horietatik 122 burutu ziren: 32 publizitate iragarki, 23 telebista saio, 6 film luze eta 19 film labur, 12 bideoklip, 15 dokumental, 4 webserie, 4 telesail eta 7 argazki saio.
Covid-19ak beste asko bertan behera uztera eta atzeratzera behartu zuen, baina, aldi berean, streaming plataformetako ikus-entzunezko kontsumoak gora egin zuen, jarduera konpentsatzeko eta Bilboko eta Bizkaiko agertokietan 540 egunetan grabatzeko aukera emanez.
Kopuruaren errekorraz gain, aipatzekoa da ekoizpen batzuek arrakasta handia izan dutela: El Hoyo, Netflixen gehien ikusten direnen top ten sailkapenean; Akelarre, Una ventana al mar, Baby eta Ilargi guztiak, Goya 2021 sarietarako izendatuak; eta La Oreja de Van Goghen azken bideoklipa, 4 hilabetean 5 milioi bistaratze baino gehiago izan dituena.
Horien bitartez, Bermeo, Erandio, Etxebarria, Galdames, Getxo, Gorliz, Gueñes, Lekeitio, Ondarroa, Urduña, Orozko, Plentzia, Sondika eta Urdaibai ezagutarazi dira. Eta sendotu egin da Bilbo eta Bizkaiaren irudia, ikus-entzunezko ekoizpenetarako ingurune interesgarri gisa.
Sektoreari laguntzeko estrategiari esker (erakundeen babesa, pizgarri fiskalak, ekoizpen- eta logistika-espazioak eta zerbitzu profesionalak barne), Ainara Basurko diputatuak azaldu duenez, “Bizkaia eta BBFC erreferentzia bihurtzen ari dira, eta ikus-entzunezkoen errealizazioaren esparruko lehen mailan lekua egiten ari dira”.