Irailaren 9tik 27ra bitartean zabalik dago Trantsizio Berdea programa eskatzeko epea. Programa horren helburua da enpresa txiki eta ertainei laguntzea deskarbonizazio-prozesuetan, teknologia garbietan eta ekonomia zirkularreko proiektuetan.
1,6 milioi euroko zuzkidura du programak, eta hiru jarduera-ildotan egituratuta dago:
1. Ingurumen-inpaktua neurtzea, 400.000 euroko aurrekontuarekin.
Lerro honetako laguntzak lehia askeko prozeduraren bidez emango dira, enpresaren, zerbitzuaren edo produktuaren hainbat esparrutan ingurumen-inpaktua monitorizatzeko proiektuak babestearren. Neurketa horrek datu baliotsuak eman beharko dizkie nahitaez enpresei, urratsak berriro bideratu ahal izateko, ingurumen-inpaktua murritz dezaten. Enpresek zuzeneko dirulaguntzak jaso ditzakete proiektu bakoitzeko, 10.000 eurokoak ere izan daitezkeenak.
2. 800.000 euroko inbertsio berdeak, enpresen ingurumen-inpaktua murrizten duten proiektuetarako.
ETEek 100.000 euro jaso ahal izango dituzte, gehienez, autokontsumorako energia berriztagarria sortzeko instalazioetarako, iturri berriztagarrietako energia kontsumitzen duten ekipamenduetarako, Teknologia Garbien Euskal Zerrendako teknologietako bat erabiltzen duten instalazioetarako, energia eta baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzen dituzten instalazioetarako eta energia-eskaria kudeatzeko sistema integralak ezartzeko.
3. Ingurumen-berrikuntzaren eta ekonomia zirkularraren aldeko 400.000 euro, berrikuntza iraunkorreko proiektuak sustatzeko.
Erakunde eskatzaile bakoitzak 140.000 euro arteko laguntzak jaso ditzake, eta produktu/zerbitzu, prozesu nahiz negozio-ereduetako ingurumen-berrikuntzak sustatuko ditu.
Foru laguntza honen kudeaketan erakunde laguntzaile bezala, Beazen zure proiektua zurekin kontrastatu eta aztertzen dugu. Gure laguntza izango duzu!