Berrikuntza Funtsak Bizkaiko ETEek garatutako berrikuntza teknologikoko 100 proiektu finantzatu ditu. Funts hori lurraldean aurreztaile txikiek egiten dituzten ekarpenez hornituta dago, eta orain arte 26 milioi euro mobilizatzea lortu du aurrezki partikularretik.
Solventisek kudeatzen du eta Elkargik abalatzen du; Berrikuntza Funtsa Europako Epe Luzerako Inbertsio Funtsa da (EELIF). 2018an, Bizkaiko Foru Aldundia funts horiek zergen aldetik karakterizatu zituen Europako lehen administrazioa izan zen, berrikuntza-proiektuen finantzaketan herritarren parte-hartzea sustatzeko eta enpresa txiki eta ertainei horiek martxan jartzeko behar dituzten baliabideak emateko.
Horrela sortu zen Berrikuntza Funtsa, eta haren lehen 100 eragiketek lehen balantzea justifikatzen dute. Unai Rementeria ahaldun nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, “Bizkaiko 7.000 pertsonak inbertitu dute funts horretan, 100 enpresa txiki eta ertain hobeak, berritzaileagoak eta lehiakorragoak izan daitezen”. Horren truke, onura fiskalak lortu dituzte, hala nola Ondarearen gaineko Zergaren salbuespena eta PFEZren kuotan jarritakoaren % 15eko kenkaria.
Enpresa motari dagokionez, Elkargiko zuzendari Zenón Vazquezek adierazi zuen “digitalizazioaren aldeko apustua egiten ari diren erakundeak nabarmentzen direla, beren produktu eta zerbitzuetan adimen artifiziala sartzen ari direnak, edo industria-prozesuak hobetzea bilatzen dutenak, horrela lehiakortasuna hobetuz”.
Mailegua 150.000 €-tik 650.000 €-ra bitartekoa da, 5 urteko epean, urtebeteko gabealdiarekin eta % 2,1eko kostu finkoarekin, komisioak eta interesak barne, eta % 30eko bulletarekin.
Aldez aurretik, eta maileguak berrikuntza teknologikoko proiektuak garatzeko benetan ematen direla bermatzeko, maileguak eskatzen dituzten enpresa txiki eta ertainek baldintza hori egiaztatu beharko dute Beaz enpresak ematen duen doako txosten baten bidez.