Beazek azelerazio-programa bat jarri du abian, «Hazteko asmoa duten startupentzat eta negozio-eredu eskalagarri batentzat, hots, proiektua garatzeko laguntzaile berriak bilatzen dituztenentzat». Horrela aurkeztu zuen Olatz Goitia sozietate publikoaren zuzendariak ekosistema berritzaileari laguntzeko azken foru ekimena.
“Hainbat urtez startupak sortzen lagundu ondorik, Ekonomia Sustatzeko Sailak ekintzailetzari laguntzeko ildoen zirkulua itxi nahi zuen, sortzen ari diren enpresei hazten eta sendotzen lagunduz, Bizkaian enplegu gehiago eta hobea sor dadin”.
Tresna Beaz Acceleration Program izenekoa da, lau laguntza-programa bertikal biltzen dituena: enpresa-hazkunderako gaikuntza-programa esklusibo bat, negozio-eskola batekin batera; 5 profil kritikok osatzen duten aholku-kontseilu bat, startupetik scale up-era igarotzeko (finantza arlokoa, negozio-ereduak, juridikoa, komunikazioa/arlo digitala, networker industriala); Seed Capital Bizkaiak 100.000 eurorainoko hasierako inbertsioa egiten du, eta B Accelerator Tower (BAT) da kokagunea.
Programa Bizkaiko IFZ duten startupentzat xedaturik dago, gutxienez bi pertsonako taldea dutenak, soluzio berritzaile eta bereizgarria dutenak, MPV balidatua dutenak eta zenbait metrika dituztenak. Gakoa da hazkunde-proiektu bat taxutzen hasi izana.
Programa 2022tik 2023ra bitartean garatuko da, eta deialdia 2022ko martxoan irekitzea aurreikusten da. Apirilean, hautaketa-batzorde publiko-pribatu batek ekimenak ebaluatuko ditu. Maiatzean jakingo da zeintzuk diren aukeratutakoak, eta irailean, BAT irekitzearekin batera, azelerazio programa bera hasiko da.