Duela 4 urte Eusko jaurlaritzak eta SPRI taldeak, Araba, Gipuzkoa eta Ezkerraldea BICekin eta Beazekin batera, abian jarri zuten barne-ekintzailetza bultzatzeko ekimena. Ordudanik 125 enpresak izan dute laguntza profesionala barrutik ekintzailetza bultzatzeko.
Aitor Urzelai, Ekintzailetza, Berrikuntza ta Informazioaren Gizartea arloko zuzendariak aurreko edizioetako emaitza onak nabarmendu ditu eta aurtengo lehentasunen artean kokatu du. Bere hitzetan, “ekintzailetza sustatzeko apustua jarduera sozio-ekonomikoa zeharkatzen duen lerroa da, eta ekimen honekin enpresen barne-gaitasunak ahalik eta gehien azaleratu nahi ditugu, geure babesa eta laguntza eskainiz beren ahalak gara ditzaten, eta etorkizun-negozioak abian jar ditzaten”.
Aurreko urtetan bezala, euskal erakundeek sentsibilizazio, akonpainamendu adituko eta prestakuntzako jarduerak prestatu dituzte enpresei eskaintzeko.
Bertako enpresek arlo honetan dituzten beharrak zehatzago ezagutzeko, 2017. urtean barne-ekintzailetzan esperientzia duten enpresen artean inkesta egin da, eta urtean zehar ezagutaraziko dira emaitzak.