BAT B Accelerator Tower zentroaren 2. urteurrena ospatzen dugun honetan, beste bost solairu inauguratu dira; hala, bikoiztu da Bizkaiko ekosistema ekintzailearen espazioa. Izan ere, hasieran 4.000 m² zituen eta gaur egun 8.000 m²; hortaz, esan daiteke asmoa errealitate bihurtu dela, talentua biltzen duen espazioa handitu baita.
Bi urtetan, BAT zentroa nazioarteko hub gisa sendotu da, mundu osoko erakunde publikoak, unibertsitateak, zentro teknologikoak, inbertitzaileak, korporazioak eta startupak konektatzen baititu. Horren harira, aipatzekoa da denbora-tarte horretan nazioarteko 26 misio egin direla, munduko 130 startup bisitatu direla eta hamasei ordezkaritzari egin zaiela arreta, zehazki Ameriketako Estatu Batuetatik, Txiletik, Mexikotik, Hego Koreatik, Finlandiatik, Frantziatik, Erresuma Batutik, Italiatik eta Israeletik etorritakoei.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak hauxe hausnartu du BAT sendotu izanari buruz: “Zentroa handitzean, aurrerapausoa eman dugu Bizkaia eta Euskadi Europa hegoaldeko ekintzailetza-gune handietako bat izateko bidean. Espazioaren % 80 okupatu dugu jada; hortaz, handinahiko proiektua zena errealitate ukigarri bihurtu dugu, berrikuntza irekiko eta nazioarteko ekintzailetzako erreferentzia-puntua.
Imanol Pradales lehendakariak konektibitatea nabarmendu du: ”Emaitza bikaina da: elkar konektatzen diren eta negozio nahiz enplegu berriak sortzea bultzatzen duten ekintzaileak eta enpresak, betiere giro dinamikoan eta geroz eta nazioartekoagoan. Euskadik eta gure enpresek mundua izan behar dute jomuga. Konplexu barik. Lotura barik. Gure interesak defendatu eta gure jarrera indartu ditzakegun tokian egon nahi dugu. Gure herrialdera talentua, inbertsioa eta enpresa berriak erakarri nahi ditugu”.
Bestalde, Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu zuen kontuan hartzekoak direla “talentua erakartzeko, ekonomia sendoa izateko eta gazteak bertan geratzeko helburuekin eten barik ehuntzen gabiltzan proiektuaren lana, esfortzua eta arriskua”.