Infobeaz

Bizkaiako enpresa egoeraren barometroa

Bizkaiko enpresak etengabe hazten ari dira eta euren lehiakortasun-posizioa hobetzen jarraitu nahi dute. Kontsultatutako enpresen % 72k aurreikusten du 2024an zehar hobekuntzaren bat egingo duela bere antolaketan, eta % 63k dio berrikuntza-, inbertsio- edo nazioartekotze-proiektu berriak gauzatuko dituela. Hori ondorioztatzen da «Bizkaiko enpresen egoeraren barometro»tik, zeinaren lehen edizioa Ekonomia Sustatzeko Sailak argitaratu eta Beaz egin baitu.

Ikerlanak honako hauek aztertzen ditu: zein den Bizkaiko enpresen errealitatea, nola zeuden posizionatuta 2023ko ekitaldia ixtean, nolako pertzepzioa duten egungo egoeraz eta zer aurreikusten duten 2024rako.

Oro har, alderdi laboral, finantzario eta logistikoak dira Bizkaiko enpresak gehien kezkatzen dituztenak 2024. urteari begira, eta lan-kostuak, talentua erakarri eta fidelizatzeko zailtasunak eta lan-absentismoa dira hazkunderako oztopoetan gehien aipatu direnak. Gainera, sektore batzuetan, gai hauek sortzen dute kezka: lehengaien eta azpiosagaien prezioa eta hornidura, prezioen aldakortasuna eta faktore horiek enpresaren errentagarritasunean duten eragina. Konpainia nazioartekotuek nazioartean duten presentzia sendotzera bideratzen dituzte batez ere euren baliabideak, eta ez hainbeste beste merkatu batzuei ekiteko iniziatiba berriak abian jartzera.

Elkarrizketatutako 512 enpresetatik gehienek 2023. urtea ixtean pertzepzio positiboa izan dute euren egungo egoerari dagokionez, baina zuhur dira erronka ekonomiko globalen aurrean. Optimismo moderatua agertzen dute 2024ko lehen seihilekoan izan duten bilakaerari buruz, eta adierazle finantzario eta operatiboetan hobekuntza izango dutela espero dute.

Azterlanaren ondorioek, Bizkaiko enpresen egungo eta etorkizuneko egoeraren ikuspegi xehea eman ez ezik, oinarriak ezarriko dituzte orobat Beazen zerbitzuak hobetzeko eta gomendatzekoa den sostengu-ibilbidearen pertsonalizazio baterantz egokitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren politikak taxutzean ere kontuan hartuko dira ondorio horiek, sortzen ari diren enpresa-beharrizanei hobeto erantzuteko.

 

 

, , ,
Beaz

FREE
VIEW