“Bizkaiko enpresa txiki eta ertainek digitalizazioan eta iraunkortasunean aurrera egitea nahi dugu. Horrek finantziazioa behar duten proiektuak garatzea dakar. Horregatik, Foru Aldundiak laguntza ekonomikoa ematen du Elkargiren abal-lerro bat abian jartzeko, bereziki erronka horietara bideratua”.
Horrela azaldu zuen Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak Elkargiren Hornidura Teknikoen Funtsari 400000 € emateko foru-erabakia, “Bizkaiko Lurralde Historikoko enpresa txiki eta ertainek finantzaketa nahikoa eta baldintza onetan izan dezaten lagunduko du, digitalizazio-proiektuetarako edo negozio-eredua ekonomia zirkularrera bideratzeko”.
Digitalizazioaren kasuan, maileguak industria-prozesuak automatizatzeko proiektuak, kudeaketa aurreratuko sistemak, produktua diseinatzeko aplikazioak, telelan-prozesuak, zibersegurtasuna edo 4.0 teknologien erabilera garatzeko pentsatuta daude, hala nola Big data, adimen artifiziala, robotika edo 3D simulazioa.
Iraunkortasunari dagokionez, honako hauek aipatzen dira abal jaso dezaketen proiektu tipologiatzat: ingurumen-berrikuntza, aztarna ekologikoa murriztea, ekoizpen-zikloan hondarrak eta hondakinak berriz sartzea edo energia berriztagarriak ekoizteko eta kontsumitzeko trantsizioa.
Finantzaketaren ezaugarriei dagokienez. Mailegua 1000000 eurokoa izan daiteke, 15 urtera arteko epea inbertsio-eragiketetarako eta 5 urtera artekoa likidezia-eragiketetarako.