Bizkaiko Foru Aldundia lanean ari da COVID-19k eragindako krisiaren irteera azkartuko duen suspertze-plan bat diseinatzeko. Plan horrek Bizkaia aurrera! Izena izango du, eta premiazko neurri zehatzak aktibatuko ditu merkataritzan, ostalaritzan, turismoan, enpresan eta kulturan oinarrituta, eta gure lurraldeko bizi-kalitatea berreskuratzea eta normaltasunera itzultzea izango du helburu.
Proiektua Unai Rementeria ahaldun nagusiak aurkeztu du, eta Bizkaiko Foru Aldundia lurraldeko lehen erakundea dela azpimarratu du: “Eragile traktorearen erantzukizun hori gure gain hartzen dugu, eta, bertatik, Bizkaia suspertzeko premiazko plan bat amaitzen ari gara, krisi honen irteera bizkortzeko eta normaltasunera itzultzeko. Ekonomia eta enplegua suspertzeko, okerren pasatzen ari diren kolektiboei laguntzeko eta merkataritzarekin, ostalaritzarekin, turismoarekin, enpresarekin eta kulturarekin bat egiteko “.
Bizkaia Aurrera!-k Bizkaia ‘hurrengo egunerako’ prestatu beharrari erantzuten dio, ‘Goiz horretako minutu bat ere galdu gabe’. Goiz horretan, “Prest hartu behar gaitu, ideiak argi, lehentasunak zehaztuta eta tresnak prestatuta. Eta horrela hartuko gaitu “, berretsi du Ahaldun Nagusiak.
“Hurrengo egunean Bizkaia helburu: Bizkaian kontsumitu, Bizkaian zehar bidaiatu, Bizkaian ekoitzi, Bizkaian aliatuak bilatu… Azkar osatu behar dugu elkar, gotorleku horretatik ordena globala berregiten laguntzeko. Eta Bizkaia Aurrera! Plana Bizkaiko gizartea den tren handi horren lokomotora izango da “, ondorioztatu du.