Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronor-ek erabaki dute Energy Intelligence Center-en Hidrogenoaren Euskal Huba jartzea. Bizkaia erregai berde eta iraunkor horren erreferente bihurtzea eta lurraldearen trantsizio energetikoa bultzatzea helburu duen lankidetza publiko-pribatuko proiektu bat da.
Hubak hidrogenoaren inguruko garapen industrial eta teknologikoa eta prozesu produktibo industrialen deskarbonizazioa bultzatuko du. Hidrogenoak hainbat sektore estrategikotan eskaintzen dituen aukerak erakusteko eta garatzeko zentroa izango da, ibilbide luzeko salgaien garraiotik eta hegazkingintzatik beroa kogeneratzeraino.
Hidrogenoaren Euskal Hubeko trakzio-enpresa gisa, Petronorrek bere bulego nagusiak EICra eta bere filial Edinorren bulegoetara eramango ditu. Halaber, konpromisoa hartu du Bilboko portuaren inguruan hondakinak tratatzeko proiektu bat (CSR) bultzatzeko, findegi iraunkorrago baterantz aurrera egin ahal izateko, eta, horretarako, foru-laguntza izango du.
Aldundiak eta Petronorrek, gainera, enpresen, I+G unitateen eta zentro teknologikoen erakarpenean lagunduko dute, EICaren inguruko ekosistema bat sortzeko, haren garapena erraztuko duena, bai eta startup teknologikoen erakarpen eta azelerazio bateratuan ere.
Beste proiektu batzuk bi erakundeen mahai gainean daude dagoeneko. Horien guztien atzetik Bizkaia ekonomia produktibo berdearen erreferente bihurtzeko helburu partekatua dago.